NAIZ.INFO
PARIS

Saul Curto espetxeratzeko agindua eman du epaileak

Astelehenean atzeman zuten Saul Curto bilbotarra espetxeratzeko agindua eman du epaileak, ETAko kide izatea egotzita. Kartzelaratzea salatzeko, Zorrotzako bizilagunek manifestazioa egingo dute urriaren 30ean, 19.30ean Fray Juan kaleko biribilgunetik abiatuta.

Frantziako jendarmeriak Saul Curto Lopez bilbotarra atxilotu zuen astelehenean Puy-Saint-Gulmier herrian, ETAko kide izatea leporatuta. Estatu frantseseko erdialdean kokatuta dagoen herrixka honetako supermerkatutik irteten ari zela atxilotu zuten Curto.

Atzo eraman zuten Parisera eta epailearen aurretik igaro ondoren honen espetxeratzea agindu dute, ETAko kide izatea egotzita, Bilboko Branka webguneak adierazi duenez.

Curtoren espetxeratzea salatzeko manifestazioa egingo dute urriaren 30ean Zorrotzan, 19.30ean Fray Juan kaleko errotondatik abiatuta.

Komunikabideen aurkako erasoak

Betiere Efe eta Europa Press agentzia espainiarrek esan zutenaren arabera, Saul Curto 2008ko abenduaren 31n zenbait komunikabideren kontra egindako atentatuarekin lotuta dago; «indar antiterroristen» bertsioa litzateke hori.

Hain zuzen, urte horretan bertan desagertu zen Curto, eta lau urte eman ditu leku ezezagunean. Ertzaintzak «terrorista bilatuenen» zerrendan sartu zuen berriki.

Europa Press agentziak adierazi zuenez, Curtoren izena Arantza Zuluetaren -2010ean atxilotutako abokatua- oharretan agertzen zen, eta astelehenean atxilotutako bilbotarra ETAren «aparatu logistikoarekin» lotzen zuten horiek.

Europa Pressen informazioaren arabera, Halboka (Hormak Apurtuz Laster Borrokalariak Kalera) erakundearen eta ETAren artean mezulari lana egiten zuen Curtok.

Betiere iturri horiek esan zutenez, Saul Curtok «komunikazio organikoa» mantendu zuen David Pla, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Arantza Zulueta, Iñaki Goioaga eta besterekin, Halboka deituriko erakundeko kide liratekeenak.