NAIZ.INFO
DONOSTIA

Kontseiluak manifestazioa egingo du abenduaren 1ean, euskal hiztunen komunitatea indartzeko

Datorren abenduaren 1ean, 17.00etan Donostian egingo den manifestazioaren berri eman du Kontseiluak. ‘Euskaraz bizi nahi dugu’ izango da mobilizazioaren leloa.

Donostiako Miramar Jauregian egin du Kontseiluak agerraldia, euskalgintzako aurpegi ezagunek lagundua. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Donostiako Miramar Jauregian egin du Kontseiluak agerraldia, euskalgintzako aurpegi ezagunek lagundua. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Miramar Jauregian agerraldia egin du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, datorren abenduaren 1ean Donostian euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea aldarrikatuko dituen manifestazioaren berri emateko.

Donostiako Anoeta estadioaren paretik abiatuko da manifestazioa, arratsaldeko 17.00etan.

Euskalgintzako, kulturgintzako eta beste arlo batzuetako aurpegi ezagun ugariren presentzian Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi duenez, euskararen geroa bermatzeko, «ezinbestekoa da» Euskal Herrian euskara eta hizkuntza-komunitatea indartzea. Horretarako, nabarmendu du beharrezkoa dela euskararen berezko lurraldean bizi eta lan egiten duen orok euskara ezagutzea, baina horrez gain, erabiltzeko aukera izatea.

«Euskaldunok oztopo gabe euskaraz lasai jarduteko lekuak behar ditugu. Euskararen eremuak sortu eta hedatu behar dira. Euskaraz biziko badira, euskaraz biziko bagara, euskara biziko bada», azpimarratu du Bilbaok.

Bilbaoren aburuz, gaur egungo unea «testuinguru ezin aproposagoa da euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko». «Gure alde dugu haizea behar dugun jauzia eman ahal izateko eta abagunea probestu behar dugu», azaldu du.

Horregatik, hain zuzen, manifestazioan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du Kontseiluak.

Paul Bilbao ez da bakarrik izan Miramar Jauregian. Izan ere, bertan eginiko agerraldi jendetsuan aurpegi ezagun ugari izan baita: AEKko Oskar Elizburu, Euskal Idazleen Elkarteko Andoni Sarriegi, Hamaika Telebistako Iñaki Uria eta Naroa Iturri edota Ikastolen Elkarteko Koldo Tellitu, besteak beste.