Naiz.info
Bilbo

Green Day Kobetamendin izango da uztailean BBK Live jaialdian

Depeche Mode-rekin batera, Green Day izango da BBK Live jaialdiko talde nagusienetakoen artean. Delorean zarauztarra eta We Are Standard getxoztarra ere Kobetamedin izango dira.

Last Tour Internationalek jakitera eman duenez, Green Day talde estatubatuarra BBK Live jaialdian izango da 2013ko uztailan. Billie Joe Armstrong buru duen taldeak ‘Uno!’, ‘Dos!’ eta ‘Tre!’ trilogiako bigarren albuma aurkeztuko du zuzenean Kobetamendin.

Green Day hurrengo ediziorako BBK Livek aurkeztu duen bigarren talde nagusienetakoa da, Depeche Mode-ren zuzenekoa baieztatu ondoren.

Bi euskal talde ere BBK Liven izango direla baieztatu du Last Tour Internationalek. Delorean zarauztarra eta We Are Standard getxoztarra dira, hain zuzen. Horiekin batera, baieztatuta daude baita ere Two Door Cinema Club, Delorentos eta L.A.-ren zuzenekoak.

Gaurtik aurrera salgai daude BBK Live-n hiru egunetarako (uztailak 11,12 eta 13) bonoak, akanpadarako sarrera barne, 85 eurotan (gehi distribuzio gastuak, 6 euro). Lehenengo 500 bonoek 15 eurotako deskontua izango dute. Eskaintza abenduaren 11ra arte egongo da indarrean.

Sarrerak ohiko puntuetan daude eskuragarri: BBK-ko kutxatiletan, www.bbk.es-en eta 944310310 telefonoan. Euskal Herritik kanpo, Ticketmasterren, www.atrapalo.com-en, FNACen eta beste hainbat puntutan eros daitezke.