NAIZ.INFO
DONOSTIA

Donostiako Kontxako badian agertu zen balea hil egin da

Donostiako Kontxako badian atzo agertu zen balea hilda dago. Itsasertzean dago eta sekulako ikusmina piztu du. Goizaldean erretiratuko du Udalak, itsasbeherarekin, bi garabiren bidez.

Baleak ikusmin handia piztu du. (DONOSTIAKO UDALA)
Baleak ikusmin handia piztu du. (DONOSTIAKO UDALA)

Balea atzo begiztatu zuten Kontxako badian. Hasiera batean zurrumurru gisa zabaldu zen berria baina azkenean baieztatu egin zen.

Gaur goizean itsasertzean hondartuta agertu da, eta eguerdian hil egin da. Zauriak zituen eta odoletan zegoen. Hamabost bat metroko luzera du eta ohiko rorkuala da, Aquariumeko adituen arabera. Egunotan izan den itsaso zakarrak badiaraino eraman duela uste dute.

Donostiako Udalak jakinarazi duenez, protokoloa martxan jarri eta gero goizaldean erretiratzea erabaki dute, itsasbehera aprobetxatuz. Tona askoko bi garabi erabiliko dituzte eta animalia kamioi batean sartuko dute. Ondoren, bi aukera dituzte: lursail batean lurperatzea edo Asturiaskko Luarcako Txibi Erraldoiaren Museora eramatea, balea eskuratzeko interesa azaldu baitu. Zailtasuna animalia lekuz aldatzeko behar diren baimenak lortzean dago, Udalak esan duenez.