NAIZ.INFO
DONOSTIA

Euskal jendartearen kultur aniztasunaren aldeko Eh11Kolore herri mugimendua jaio da

Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute Euskal Herria Hamaika Kolore (Eh11Kolore) herri ekimena, euskal jendartean bizi den jatorri aniztasunaren inguruan hausnartu eta eztabaida sustatzeko asmoarekin sortu dena.

Eh11Kolore herri ekimenaren aurkezpena, Donostiako San Telmo museoan. (Conny BEYREUTHER/ARGAZKI PRESS)
Eh11Kolore herri ekimenaren aurkezpena, Donostiako San Telmo museoan. (Conny BEYREUTHER/ARGAZKI PRESS)

Herri ekimen berria bultzatu duten eragileen ordezkariek jakinarazi dutenez, Eh11Kolore egitasmoak «euskal gizartearen kultur aniztasuna babestu eta sustatu nahi du, berezko balio gisa, joera uniformatzaile eta segregatzaileen aurrean».

Unibertsitate irakasleek, kultur eragileek eta hainbat gizarte mugimendutako ordezkariek osatutako kolektiboak bultzatuta, Euskal Herria 11 Kolore gizarte eragile, elkarte nahiz erakunde ororen parte hartzeari irekita dagoela azaldu dute.

San Telmo museoan burututako ekitaldian ekimenaren bozeramale diren Xabier Mendiguren Bereziartu euskaltzaleak, Xoxe Estevez Rodriguez historialari eta Fato Cultural Galego-ren sortzaileak eta Samira Goddi Mendizaball kultur arteko bitartekariak hartu dute parte.

Bozeramaleekin batera, jatorri anitzeko hiritarrak izan dira aurkezpenean, ekimenari atxikimendua agertuz.

Jatorria edozein dela ere, herritar guztien eskubideen, betebeharren eta aukeren berdinatasunaren aldeko aldarrikapena irakurri dute hainbat hizkuntzatan.

Eh11Kolore-k «jatorri askotasko euskal herritarren arteko topaketarako, elkarrekintzarako eta elkarlanerako esparruen alde» lan egingo duela agindu du, «gure aniztasuna ikusgai bihurtuz, eta elkar ezagutzeko dinamikei bide emanez, elkarrekiko errespetua eta onarpena lortzeko».