NAIZ.INFO
DONOSTIA

Urtarrilaren 12rako egun osoko egitaraua prestatu du Herrirak

Urtarrilaren 12an presoen eskubideen alde egingo den manifestazioa jasotzen ari den   babes handia aintzat hartuta eta Bilbora jendetza joango dela aurreikusita, Herrirak egitarau oparoa prestatu du, goizetik hasita. Kultura eta kirol alorreko pertsonen laguntza izan du.

Manifestazioaren xehetasunak eman dituzte gaur Donostian. (HERRIRA)
Manifestazioaren xehetasunak eman dituzte gaur Donostian. (HERRIRA)

Ines Osinaga musikariak eta Oskar Bañuelos kazetariak urtarrilaren 12ko manifestazioaren xehetasunen eta orain arte jasotako babesaren berri eman dute Donostian.

Mobilizazioa «izugarrizko babesa» jasotzen ari dela nabarmendu dute, egunez egun gora egiten ari dela eta falta diren egunetan are gehiago biltzea espero dutela esan dute. Atxikimendua adierazi duten norbanako zein kolektiboen aniztasuna azpimarratu dute, baita munduko herrialde askotatik heldu dela: Katalunia, Aragoi, Frantzia, Kolonbia, Sahara, Argentina, Puerto Riko, Nikaragua, Tunisia...

Horrenbestez, Bizkaiko hiriburuan urtarrilaren 12an jendetza bilduko dela aurreikusi dute eta horrek antolakuntzan hainbat egokitzapen egitera bultzatu ditu. Hala, garraio publikoan zerbitzu bereziak eskatu dizkieta Bizkaibus eta EuskoTreni.

Euskal Herri osoan autobusak alokatzen ari dira eta Bilbora joateko garraio hori erabiltzeko gomendioa egin dute.

Antolaketa lanetan 300 lagun inguru ibiliko dira egun osoan. Haien irizpideei jaramon egiteko eskatu dute.

Ekitaldiei dagokienez, goizeko 11.00etatik aurrera Areatzan karpa bat jarriko dute, musika emanaldi, herri kirol ikuskizun, rokodromo, puzgarri, erakusketa eta janari eta edari eskaintzarekin, besteak beste.

Alde Zaharrean, 12.30etik aurrera trikitilariak, bertso-batukada, zanpantzarrak eta bertsolariak izango dira.

Manifestazioa, berriz, 17.30etan hasiko da Kasillatik eta isila izango da. Preso eta errefuxiatuen senideak joango dira aurretik. Udaletxe aurrean bukatuko da.

Bilbora joateko zalantzan daudenak animatu dituzte Osinagak eta Bañuelosek. «Denon artean etorkizun berri bat eraikitzea posible delako, etorri Bilbora urtarrilaren 12an, bai esatera giza eskubideei, irtenbideari eta bakeari, eta euskal presoak Euskal Herrira ekar daitezen pausu garrantzitsu bat ematera», amaitu dute.