NAIZ.INFO
BILBO

Bilbobusek zazpi lineatan murrizketak egingo ditu datorren otsailaren 4tik aurrera

Gastuen igoera eta diru-sarreren jaitsierari aurre egiteko asmoz, Bilbobusek dituen 43 lineatatik zazpitan murrizketak egingo ditu, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Herritarrak, Bilbobuseko autobus batera igotzen. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Herritarrak, Bilbobuseko autobus batera igotzen. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Bilboko Zirkulazio eta Garraio zinegotzi Asier Abaunzak jakinarazi duenez, datorren otsailaren 4tik aurrera, hainbat murrizketa egingo ditu Udalak Bilbobusen, KPIaren eta azken lau urteotan erregaiaren prezioan izandako hazkundeari eta diru-sarreren jaitsierari doitzeko.

Hala, Bilbobuseko 43 lineatako zazpitan egingo dira doiketok, horietako seitan maiztasunari dagokionean eta zazpigarrenaren ibilbidean. Gainerako 36 kasuetan ohiko zerbitzuari eutsiko zaio.

Udalak, Bilbobus kudeatzen duen enpresak eta enpresa batzordeak adostutakoaren arabera, murrizketok, aldi baterako 8 kontraturen ez berritzea eta lanegunetan 5 autobus gutxiago –asteburu eta jaiegunetan, 2,5– ibiltzea ekarriko dute.

2013an luzatuko diren itxaron-denbora gehienak –40,72,13, 48, 11 eta 76 lineatan– larunbat eta jaiegunetan izango dira, erabiltzaileek Bilbobusen bidaiatzeko dituzten arrazoi guztien %50 lanera joatea baita.

Era berean, San Inazio eta Zorrotza arteko 18. linearen ibilbidea –zerbitzuko luzeenetarikoa– aldatu egingo da, Iparragirre kaleko aldean ibilbidea laburtuko baita, zehazki, plaza eliptikotik –Zabalburu plazara arte joan gabe– eta, era honetan, zerbitzuaren maiztasunak nahiz Zorrotza eta San Inazioren arteko lotura mantenduko dira.

Bilboko Udalak hiriko garraio-zerbitzuari «lehentasunezkoa» deritzonez, 2013an eutsi egin dio Bilbobusen aurrekontuari (28.041.684 euroko transferentzia arrunta), udal-aurrekontuan 17,4 milioi euroko murrizketa egon den arren, iazkoarekin konparatuta.

Gainera, Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio Sailak baztertu egin du bidaia-txartelaren prezioa igotzea Bilboko Udalak 2013rako onartutako %2,5eko eguneraketaren gainetik. Zerbitzuan izandako gastu korrontearen hazkundea murriztu beharra herritarrek ordaindu ez dezaten hartu da erabakia.

Azkenik, Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio Sailak 2014rako doiketa berriak egiteko aukera aztertu du, ekitaldi horretarako aurreikusitako gastuen arabera.

Metro Bilbaok ere zerbitzuak murriztu berri ditu, lanegunetan egunero 50 tren gutxiago jartzen baititu martxan.