NAIZ.INFO
GASTEIZ

Lakuak Tel Aviveko Maccabiren bisitaren harira deituriko protestak debekatu ditu

Tel Aviveko Maccabi saskibaloi taldeak Gasteiz bisitatu behar duela eta Euskal Herria-Palestina sareak antolaturiko protestak debekatu ditu Lakuak, kirolaren legea aipatuz. Debekua arbuiatu eta elkarretaratzea deitu dute ostegunerako.

Protesten berri emateko eman duten prentsaurrekoaren irudia. (EUSKAL HERRIA-PALESTINA SAREA)
Protesten berri emateko eman duten prentsaurrekoaren irudia. (EUSKAL HERRIA-PALESTINA SAREA)

Lakuako Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak Tel Aviveko Maccabik Caja Laboralen aurka jokatuko duen neurketa dela eta Euskal Herria-Palestina sareak antolaturiko protestak debekatu ditu. Debekaturiko protesten artean auto-karabana eta elkarretaratzea daude.

‘Maccabi kanpora, Israeli Boikot, Palestina askatu’ lelopean deituko protestak debekatzeko orduan, kirolaren legea aipatu du Lakuak, non bortizkeria sustatzen duten lelo nahiz ikurren erabilera debekatzen den. Erabakiarekin, Lakuak «apartheid legediari men» egiten diola uste dute protesten antolatzaileek.

Euskal Herria-Palestina sareko kideek debekua segurtasun kontuez gaindiko erabaki bat dela uste dute, aitzitik, erabakiaren atzean «goi mailako erabaki politikoak» daudela adierazi dute. «Onartezintzat» jo dute «Israelgo kirol-enbaxadorearen» bisitaren aitzakian adierazpen askatasuna murriztea.

Gauzak horrela, ostegun honetan, 19.00tan, Andra Mari Zuriaren plazan egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute.