Ainize BUTRON
BAIONA

Aberri Egunaren bezperan Itsasun ekitaldi politikoa egingo dute bost alderdi abertzalek

Sortu, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasunak ekitaldi politikoa eginen dute Itsasun (Lapurdi), martxoaren 30ean, Aberri Egunaren bezperan.

Sortu, Aralar, EA, AB eta Alternatibaren izenean Baionan eginiko agerraldia. (Nicolas MOLLO)
Sortu, Aralar, EA, AB eta Alternatibaren izenean Baionan eginiko agerraldia. (Nicolas MOLLO)

Baionan eginiko agerraldi batean, aipatu bost alderdi abertzaleon izenean ekitaldi politikoa deitu dute martxoaren 30erako. Enbata mugimendua sortu zenetik berrogeita hamar urte betetzen direla-eta, ‘Euskal Herria Europan’ lelopean egingo da ekitaldia Itsasun, arratsaldeko bostetatik aurrera.

«Momentu honetan, ezkerreko mugimendu abertzalea hirugarren indar politikoa da Ipar Euskal Herrian. Hori, neurri batean, duela berrogeita hamar urte Enbatak egin zuen hazi horretatik sortua da», nabarmendu dute, eta herritarrei bertaratzeko deia egin.

Horrez gain, martxoaren 31an Iruñean, Independentistak Sareak antolatuta ospatuko den Aberri Egunean parte hartzeko deialdi bateratua ere egin dute bost alderdi abertzaleok.

Antolatzaileek plazaratutako mezua bere eginez, Euskal Herriak «Estatu bat izateko eskubidea duela» eta «eskubide hori demokratikoa» dela aldarrikatu dute.