Naiz.info
Donostia

«Herri harresia» indartzea aldarrikatu dute epaiketa politikoak gelditzeko

Ehunka lagunek bat egin dute ostiralean atxiloturiko sei gazteei elkartasuna adierazteko Martutenera antolaturiko martxarekin. «Herri harresia» irudikatu dute mobiliazioan epaiketa politikoak gelditzeko bidea dela aldarrikatuz.

Ehunka lagun hurbildu dira Donostiako Bulebarrera.
Ehunka lagun hurbildu dira Donostiako Bulebarrera.

Ostiral goizean atxilotutako Donostiako sei gazteen aldeko elkartasun ekimenek jarraipena izan dute gaur. Atzo arratsaldean milaka lagunek parte hartu zuten atxiloketak salatzeko deitutako manifestazioan eta gaur goizean Martutenera martxa egin dute.

Izan ere, hasiera batean atxilotuak Martuteneko espetxera eraman bazituzten ere, NAIZek jakin ahal izan duenez, sei gazteak Basauri eta Zaballako espetxeetan banatuta aurkitzen dira. Mikel Arretxe eta Oier Lorente Basauriko espetxean daude eta  Aitor Olaizola, Ekaitz Ezkerra, Egoi Alberdi eta Adur Fernandez Zaballan.

Sei gazteen atxiloketak salatzeko Martutenera martxa antolatu dute gaur goizean. Ehunka lagunek bat egin dute ekimenarekin eta parte hartzaileen artean auzi ezberdinetan auziperatuak eta epaiketaren zain dauden gazte independentistak izan dira.

Ibilbidea abiatu aurretik eserialdia burutu dute Bulebarrean. Aitziber Plazaolak hartu du hitza beste prozesu batzuetan auziperatutako gazteen izenean eta, atzo atxiloturiko sei gazteak bezala, beste hainbat gazte independentista aurkitzen direla epaiketaren zain gogoratu du.

Ildo horretan, «herri harresia» indartzen jarraitzearen beharra aldarrikatu du eta epaiketa politikoak gelditzeko bidea dela esan du. «Kaleak bete eta kartzelak husteko» garaia dela azpimarratu du.

Agerraldiaren ondoren, «euskal gazteria aurrera» oihukatuz abiatu da Martutenera martxa. Herri harresiaren ideia irudikatu nahi izan dute eta beste auzietan auziperatutako gazteak mobilizazioaren erdian kokatu dira.

Martxak ordezkari politikoen babesa izan du eta bertan izan dira, besteak beste, Sortuko ordezkari Joseba Alvarez eta Gipuzkoako Aldundiko diputatuak diren Helena Frano, Garbiñe Errekondo eta Ander Rodriguez ere bertan dira.

Martutenera iristerakoan, joan den astean atxiloturiko Ekaitz de Iberok lehiotik agurtu ditu martxan parte hartu dutenak. Eleak mugimenduko bozeramiale Txerra Bolinagak herri harresiarekin erakutsitako indarra du eta Gaztelako Yesca gazte mugimenduko kide batek beren sostengua adierazi die gazte independentistei hitza hartzerakoan. Irlanda, Katalunia, Asturias, Gaztela, Aragon, Kantabria, Sahara, Danimarka eta Noruegako gazte mugimendu eta alderdi ezberdinek sostengua adierazi diete gazte auziperatuei.