NAIZ.INFO
BILBO

Elkartasun keinuen artean hasi da Bilboko hiru grebalari gazteren aurkako epaiketa

Grebalariak aske! plataformak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute Bilboko epaitegiaren atarian, lau auzipetuetatik hiruren aurkako epaiketa hasi baita. 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean bi ertzaini eraso egitea egotzita, orotara, 42 urteko espetxe zigorra eskatzen dute gazteentzako.

Elkarretaratze jendetsua egin dute Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiaren atarian. (ARGAZKI PRESS)
Elkarretaratze jendetsua egin dute Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiaren atarian. (ARGAZKI PRESS)

Bilboko Buenos Aires kalean hamarka lagun bildu da goizean, epaitzen hasi diren hiru grebalariei elkartasuna adierazi eta haien absoluzioa galdegiteko.

Gaur hasi eta bihar arte, lau grebalarietatik hiru epaituko dituzte. Fiskalak 14 urtera arteko espetxe zigorra eskatu du haietako hirurentzat, guztira 42 urte. Laugarren gaztea beste prozedura baten bitartez epaituko dute, istiluak jazo zirenean adin txikikoa zelako.

Iazko martxoaren 29ko greba orokorrean bi ertzaini eraso egitea leporatzen diete. Horren frogarik ez dagoela nabarmendu dute Grebalariak aske! plataformako kideek eta atestatuetan «poliziaren kontakizuna» besterik ez dagoela.

Goizean eginiko elkarretaratzea bihar ere errepikatuko dute, goizeko 9.30etik 14.00etara.

Gaur arratsaldean, bestalde, manifestazioa egingo dute Deustuko Done Petri plazatik abiatuta (19.30).

Epaiketaren atarian, Grebalariak aske! plataformak mobilizatzeko beharra nabarmendu zuen, epaiketa poliziaren «muntaia» baten ondorioz egingo baita. Izan ere, leporatzen zaizkien ekintzetan auzipetuen parte hartzea frogatzen duen elementurik ez dagoela adierazi baitzuten.