NAIZ.INFO
ROMA

Gutxienez 130 etorkin hil dira Lampedusara iritsi nahian ari zirela ontzia hondoratuta

Italiako Lampedusa uhartera iritsi nahian ari zen ontzi bat hondoratu egin da eta gutxienez 130 etorkin inguru hil dira. Dozenaka lagun desagertuta daude.

Lampedusako portuan hildakoen gorpuak pilatu dira. (AFP)(
Lampedusako portuan hildakoen gorpuak pilatu dira. (AFP)(

Sizilia hegoaldean dagoen Lampedusako kostara iritsi nahian ari zen ontzi bat hondoratu egin da eta bertan zihoazen 500 lagunetatik gutxienez 130 hil egin dira, iturri ofizialek adierazi dutenez. Gehienak somaliarrak eta Eritreakoak dira.

Lampedusako alkate Giusi Nicolinik baieztatu duenez, 94 hilotz errekuperatu dituzte erreskate taldeek, horien artean bi haur eta haurdun zegoen emakume batenak. Hala ere, hildakoen kopuruak gora egin dezakeela ohartarazi du, itsasoa «gorpuz beteta baitago». Ansa agentziak azaldu duenez, beste 40 gorpu hondoratutako itsasontziaren inguruan aurkitu dituzte.

Bizirik atera direnen artean pertsona bat atxilotu dutela jakinarazi du, ustez etorkinen trafikantea delakoan. 150 lagun inguru onik atera dira, haien artean 30 ume inguru eta haurdun dauden emakumeak.

Etorkinek kontatu dutenez, hainbat ordu zeramatzaten itsasoan eta erreskate taldeen atentzioa deitzeko sua piztea erabaki zuten. Barkuak su hartu zuen, bertan zihoaen askok itsasora salto egin zuten eta ondoren irauli egin zen, alkateak kontatu duenez. Inguruan zeuden arrantzaleen laguntza jaso dute aurrena eta haiek ohartarazi dituzte erreskate taldeak.

Atzo gauean bertan 463 etorkin zeramatzan beste itsasontzi bat iritsi zen Lampedusara.