Naiz.info
Manila

Filipinetako Gurutze Gorriaren arabera Haiyan tifoiak eragindako hildakoak milatik gora dira

Gutxienez 138 lagunen heriotza zenbatu du Filipinetako Gobernuak baina Gurutze Gorriaren arabera askoz handiago da zendutakoen kopurua. 1.200 izan daitezkeela dio.

Hondamendia Filipinetan Haiyan tifoiaren eraginez. (Raul BANIAS/AFP)
Hondamendia Filipinetan Haiyan tifoiaren eraginez. (Raul BANIAS/AFP)

Filipinetako Gobernuak 138 lagunen heriotza baieztatu du eta PNA albiste agentziak dio beste hamalau lagunek zauriak izan dituztela. Lau pertsona ere desagertuta daudela diote iturri berberek.

«Oraindik hildakoen kopurua zenbatzen ari gara, baino badirudi askoz gehiago izan daitezkeela», esan du Gurutze Gorriak Filipinetan duen ordezkari batek. Zifra 1.200 hildakoetakoa dela esan dute iturri horiek.

Tacloban herria, Leyte probintzian, tifoiak kalterik gehien eragin dituen tokia dela diote adituek, nahiz eta oraindik ez duten datu zehatzik jaso.

Filipinetatik iritsitako lehenengo irudietan ikusten da Haiyan tifoiak hainbat toki suntsitu egin dituela. Etxeak birrindu eta argi zutabe ugari behera bota ditu.