Naiz.info
Donostia

Sarean da jada .EUS domeinua duen lehenengo webgunea

Domeinuak.eus webgunea da .EUS domeinua daraman aurreneko webgunea. Apirilaren 26an xehetasun gehiago emango dituztela iragarri dute.

.eus: komunitate oso baten domeinua from PuntuEus Fundazioa on Vimeo.

.EUS domeinua sarean da dagoeneko. Domeinuak.eus webgunea da interneten domeinu euskalduna daraman lehenengo ataria. Martxan da dagoeneko, eta bideo bitartez ematen die bisitariei ongietorria. Xehetasun gehiagorik ez du ematen ordea; apirilaren 26an emango dute informazio gehiago.

ICANN erakundeak .eus domeinua onartu zuen 2013ko ekainean. Puntueus fundazioak bultzatuta, euskara interneten bere lekua egiten hastekotan zela ohartarazi zuten bere egunean. Dagoeneko badu bere lehenengo ataria.

.EUS domeinuaren onarpena baloratzeko agerraldian esan zuten sustatzaileek ez zela fundazioaren lanari esker soilik lortu, «milaka euskaldunen parte-hartze aktibo eta konpromisoagatik» izan zela posible, «euskarazko internet posible egiten duten horiei guztiei esker, euskarazko tresnak eta denetariko aplikazioak sortzen eta erabiltzen dituzten horiei guztiei esker». Euskararen herriak lortutako tresna «komunitate oso bat elkarlotzeko gaitasuna duen tresna» zela esan zuten.