Naiz+ Naiz+

‘baSo aHaztuak’ dokumentala, azken txanpan

Proiektuaren azalpena: «Pinuaren erabileraren inguruan ingurumen-eztabaida luze bezain antzua eman da gure artean azken urteotan, pinuari egotzitako onura eta kalteen artean oreka, konponbide zein adostasunik lortu ez delarik. Gure lan honen helburua eztabaida horretan sakontzea da, elementu berriak mahaigaineratuz, esperientzia interesgarrien berri emanez, azterketa zientifikoen ondorioak lehenetsiz eta batez ere naturaren eta bioaniztasunaren garrantzia azpimarratuz. Gure asmoa basogintzaren etorkizuneko diseinuan lagungarri izan daitekeen dokumentu audiobisual bat eskaintzea da».

Zertan den orain. Bi urtez lan egin eta gero, baSo aHaztuak dokumentala kalera aterako da oso laster, abenduaren 13an estreinaldia egingo da Igorreko kultur etxean. Filmeak ordu bateko iraupena izango du, eta 12 lagunen elkarrizketaz osatua dago. Horrez gainera, 3 animazio berri eta saskigintzaren ofizio zaharraz irudi argitaragabekoak ikusteko aukera ematen da. Dokumentala baso-kulturaren memorian interesatutako edonori bideratua dago, baita gaur egun basoen kudeaketa ereduez hausnartu nahi duenari ere. Orokorrean ikusi, ikasi eta hazi egin nahi duen edonori.

Kofinantzaketa. Dokumentala creative commons lelopean aurkeztuko da. Honen harira, kofinantziazio kanpaña bat jarri nahi da martxan urriak 23an. Proiektuaren finantzaketarako Goteo-Euskadi gizarte sarera jo dugu, eta beraz gure dokumentala komuna, librea eta irekia izango dela aurreratzen dizuegu. Nahi izanez gero, helbide honetan jaso ahal izango duzue gure proiektuaren inguruko informazio guztia: www.euskadi.goteo.org/project/baso-ahaztuak. Kofinantziazio kanpaña honen helburuak bi dira: proiektua ezagutaraztea eta sorkuntza prozesuan jasandako gastuak ordaintzera iristea.