Nagore Belastegi
DONOSTIA

Kultura digitala euskaraz

Xare euskal kultura digitalaren azokak itxi ditu ateak teknologia berriei bi egun oso eskaini ostean. Kursaaleko aretoak bete dituen azoka «ez ofizial» honek jada gure esku ditugun tresnak ezagutzeko aukera eman digu, baita hurrengo edizioei begira hobetu daitezkeen gauzez jabetzeko ere.

Robotika erakustaldiak arrakasta handia izan du. (Gotzon ARANBURU)
Robotika erakustaldiak arrakasta handia izan du. (Gotzon ARANBURU)

Ahozkotasunak euskararen biziraupenean izan duen garrantzia ukaezina da, baina hizkuntzak ikasi du garai berrietara moldatzen. Bertso eta kantetatik liburuetara salto egin zuen, eta prentsa idatzira ondoren. Irratia eta telebista iritsi ziren orduan, eta bat-batean mundu osora iristeko tresna berritzailea: Internet.

Euskal kulturak komunikabide berri eta unibertsal horretan ere badu zeresanik, eta Euskal Herrian dauden eragileen eta publikoaren arteko zubi moduan jaio da Xare euskal kultura digitalaren azoka, egun hauetan Donostiako Kursaalean ospatu dena. Gipuzkoako Diputazioaren eta Donostiako Udalaren babesa lortu du Xarek. Helburua, «informazioaren teknologia berrien alorrean eta orokorrean kultura digitalean, euskararen erabilera sustatu ahal izatea».

Iñigo Martinez Eragin enpresako eta Xareko koordinatzaileak azaldu zuenez, «Xare azokan zubi lana» egin nahi izan dute teknologia berrien sektoreko enpresa eta herritarren artean. «Euskaraz lanabesak badaude, baina dispertsatuak daude, ez dago erreferentzia argirik», nabarmendu zuen.

Kursaaleko aretoetan zehar banatu zituzten antolatutako hitzaldi, mahai-inguru eta tailerrak. Xareko koordinatzaileak aitortu zuen pozik zeudela izandako harrerarekin eta bisitari kopuruarekin. Lehenengo egunean gehienak gazteak ziren, asko formakuntza zentro desberdinetatik bertaratutakoak, baina bigarrenean helduak izan ziren nagusi.

Gunerik arrakastatsuenak, gazteen artean behintzat, instalazioak eta robotika erakustaldia izan dira. Lehenengoan hainbat elementu zeuden gela batean eta jendearen partaidetzarekin gauza desberdinak egin dituzte. Bigarrena, EHUko Robotika eta Sistema Autonomoak taldeak antolatua zen. Oier Mes talde honetako kidea eta informatika ikaslea da. Berak azaldutakoaren arabera, hiru robot izan dituzte azokan ikusgai. Zeinu bidez mugitzen den automata, ahozko agindu sinpleak jaso eta betetzeko gai dena eta zenbait hitz aukeratuz gero, esaldiak sortzen dituen robot bertsolaria. «Batzuetan akatsak egiten ditu, baina bertsolariekin ikerkuntzak egin nahi ditugu robotaren gaitasunak handitzeko», kontatu zion Mesek GARAri.

Iñigo Martinezen arabera, asteburuan ospatu dena azokaren «beta» bertsio bat da; hau da, ez da behin betikoa eta aurrerantzean saiatuko dira gero eta handiagoa eta osatuagoa egiten. Urtean behin antolatzeko asmoa badute ere, lehenengo azoka «ofiziala» ekainean ospatu nahi dute. Xarek datorren urte erdialdean aurkituko duguna dastatzeko aukera eman digu. Euskal kultura digitalari eskainitako azoka denez, Durangoko Azoka eta Euskal Enkounterren bide erdian baina, era berean, hauekin zerikusirik ez duen feria bat da.