Mikel PASTOR
DURANGO

Jendetza bildu du Herrirak Durangon «mobilipdubzioan»

Jendetza bildu da gaur arratsaldean Durangon Herrira mugimenduak deitu duen «mobilipdubzioan» parte hartzeko. Urtarrilaren 12ko manifestazioari begira «beste urrats bat» eman dela aldarrikatu dute antolatzaileek eta «elkartasun olatu» bezala definitu dute gaurko ekimena.

«Mobilipdubzioaren» irudi bat. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
«Mobilipdubzioaren» irudi bat. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Milaka pertsona bildu dira Durangon euskal preso eta iheslari politikoen etxeratzea eskatzeko Herrira mugimenduak deitu duen «mobilipdubzioan». Ekimenaren hasieran Ane Zelaia eta Manu Ugartemendiak hartu dute hitza eta gaurkoa urtarrilaren 12ko manifestazioari begira «beste urrats bat» dela azaldu dute.

Indar politiko guztiei egin diete dei pankartaren atzean tokia dutela esanez eta, era berean, euskal herritarren «gehiengo osoak» presoen etxeratzearen aldeko jarrera duela esan dute.

Ekimenaren berezitasuna aipatu dute eta «plurala eta koloretsua» dela nabarmendu, «beti ere euskal presoen etxeratzea helburu izanda».

Bigarren saiakera behar izan dute lipdubak ongi grabatzeko eta eguraldiaren laguntza ere izan dute grabaketa momentuan.

Ekimenaren amaieran «elkartasun olatua» ikusi dela nabarmendu dute antolatzaileek eta urtarrilaren 12ko manifestazioak gauza bera erakutsi behar duela aldarrikatu dute. «Herri honek duen nahiaren beste demostrazio bat izan da», aldarrikatu dute.

Ekimenean izan dira, besteak beste, Ines Osinaga, Alex Sardui, Xabi Solano, Xabier eta Miren Amuriza, Pako Letamendia, Mario Zubiaga, Rebeka Ubera, Maribi Ugarteburu, Pello Urizar, Amaia Agirresarobe, Alex Txikon, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Zuriñe Hidalgo edota Maria Rivero.