ION TELLERIA
DONOSTIA

‘Habemus @Pontifex’

1.000.000 bat jarraitzaile guztira, lehen txioari 20.000tik gora bertxio ordubetean eta zortzi hizkuntzatan ariko diren beste horrenbeste kontu abiatu ditu Twitterren gaur eliza katolikoaren buru den aita santuak. Zorion agurrak baino, kritikak izan dira nagusi lehen erreakzioetan. Euskarazko kontua eskatu duenik ere bada.

Aita santuaren Twitter kontuaren azala
Aita santuaren Twitter kontuaren azala

«Dear friends, I am pleased to get in touch with you throug Twitter. Thank you for your generous response. I bless all of you from my heart». «Chers amis, c'est avec joie que je m'unis à vous par twitter. Merci pour votre réponse généreuse. Je vous bénis tous de grand cœur». «Queridos amigos, me uno a vosotros con alegría por medio de Twitter. Gracias por vuestra respuesta generosa. Os bendigo a todos de corazón».

Ingelesez, frantsesez eta gazteleraz Benedikto XVI. aita santuak igorri duen lehen txioa izan da hori, euskarazkorik ez da izan. Erreakzioa Twitterren inoiz, edo inoiz gutxitan, ikusitakoa. 20.000tik gora bertxio ordubetean ingelesezko mezua zeraman lehen txioari eta kontaezineko erreakzio eta erantzunak; kritika tonu nabarmenekoak gehienak.

Kritiken artean baziren oso serioak, pedofiliari lotutakoak edo munduko gosetearen ingurukoak, eta serioaren eta umorearen artean zebiltzanak. Adibidez @Navo_ erabiltzaileak aipatu duena, lehen txioan 140 karaktereak baliatu dituela, «beti bezala, eliza ahalik eta lekurik handiena hartu nahirik», zioen. Datu esanguratsu bat ere bai, @AndreuEscriva erabiltzaileak aipatu baitu, kontuan 666.666 jarraitzaile zituelarik egin duela lehen txioa aita santuak.

Umore puntuan lehen harrera Karlos Arguiñano sukaldariak, «txapel antzekoak» dituztela esanez eman baitio ongietorria, «Habemus @Pontifex» esanda amaitu du mezua. Espainiako Hezkuntza ministroaz ere gogoratu da @merce_rubio aita santuak txioa ingelesez egin duelako lehenbizi. Izan da aita santuaren kontuan balizko jainko batekin zuzenean hitz egiteko aukera ikusi eta «zer izan zen lehenbizi, arraultza ala oiloa?» galdetu duenik ere.

Askok harriduraz hartu duen kontua zazpi pertsona besterik ez dituela jarraitzen aita santuaren Twitterreko kontuak, eta zazpiak aita santuaren beraren kontuak dira, hizkuntza ezberdinetan. Hala ere, harritzekoa ere ez da hori. Alderatzen hasita Dalai Lamaren kontuarekin ahalko genuke begiratu, 5.000.000tik gora jarraitzaile ditu eta pertsona bat bera ere ez du jarraitzen berak.

@Pontifex euskaraz eskaria

Gaur Vatikanoko hiritik abiatu dituen Twitter kontuetan ingelesa, italiera, gaztelera, frantsesa, portugalera, alemana, poloniera eta arabiera erabiliko ditu aita santuak. Ez da tartean euskararik, beraz. Hori lortzeko dinamika ere abiatu dute Euskal Herrian, arrakasta handirik gabe, oraingoz.

Change.org tresna baliatuz @Pontifex kontuaren euskarazko eta katalanerazko kontu propioak sortzeko eskaria abiatu dute hainbat erabiltzailek. Oraingoz, 10 sinadura besterik ez dituzte lortu, eta azkena adarra jotzeko intentzioz, gainera.