NAIZ.INFO
IRUÑEA

Nafarroako Kutxan gertatu denaren inguruko ikerketa sakona eskatu du ezker abertzaleak

Dozenaka herritarrek Nafarroako hainbat herritan protesta egin dute gaur Nafarroako Kutxaren (CAN) inguruan izandakoak argitzeko eskatuz ezker abertzaleak deituta. Nafarroako Kutxaren inguruko diru xahuketaren arrazoi nagusia gainontzeko euskal kutxekin bat egitea ekiditea izan dela salatu dute.

Iruñeko Nafarroako Kutxaren egoitza aurrean salaketa egiteko kartel adierazgarriak baliatu dituzte. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Iruñeko Nafarroako Kutxaren egoitza aurrean salaketa egiteko kartel adierazgarriak baliatu dituzte. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Txorizo banaketa, ‘Manos arriba esto es un atraco’ zioten afitxak, bulegoen itxierak eta elgarretarateak antolatu ditu gaur ezker abertzaleak Nafarroako hainbat herritan: Agoitz, Lizaso, Tutera, Uharte Arakil, Antsoain, Tafalla, Lizarra, Arbizu, Etxarri, Irurtzun, Zizur, Burlata eta Iruñea bera izan dira protesten kokaleku.

Tuteran Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramaleak parte hartu du eta kontzentrazioaren ostean Nafarroako Kutxaren inguruan gertatu denaren inguruko ikerketa sakona eskatu du.

Aurrezki kutxaren diru xahuketaren arrazoi nagusia Nafarroako kutxa gainerako euskal kutxekin batzea ekiditea izan dela salatu du. Enrique Goñi CAN-eko buruari eskatu dio Nafarroako Parlamentuan ager dadila eta azal dezala «galdu dituen milioiak nora joan diren eta zergatik». Yolanda Barcinak ere azalpenak eman behar dituela esan du Morenok.

PSNri ere dei egin dio ezker abertzaleko bozeramaleak, «Nafarroan aldaketa etorriko bada, ustelkeriarekin bukatu eta gardentasun osoz jardungo duen politika eginez etorriko dela» esan du.

‘Los trileros forales’

Gaurko hainbat protesten ostean ‘Los trileros forales’ dokumentalaren emanaldiak ere izan dira. Hiru sailetako lehena da bera eta gaurtik aurrera interneten ere osorik ikusgarri jarri dute egileek.