Naiz.info
Bilbo

‘Blackie & Kanuto’, 3D formatuan egin den lehenengo euskal filma

Baleuko estudioaren apustua da ‘Blackie & Kanuto’, 3D formatuan Euskal Herrian egindako lehenengo filma. Otsailaren 15ean iritsiko da euskal zinema aretoetara.

‘Blackie & Kanuto’ 3D estereoskopiko formatuan Euskal Herrian egin den animaziozko lehenengo filma da. Otsailaren 15ean estreinatuko da Euskal Herriko eta Estatu espainoleko areto askotan eta, ondoren, nazioarteko banaketa izango du.

Estatu frantseseko Art Mell eta Italiako Lumiq estudioekin batera ekoiztu dute, TVE eta EITBren partehartzearekin, eta Barton Films du banatzaile. Otsailaren 10ean aurre-estreinu bat egingo da Bilboko BBK aretoan.

Filma euskaraz eta gaztelaniaz estreinatuko da.

Blackie ardi beltza eta Kanuto artzain-txakurra dira abenturazko komedia honen protagonistak. Ilargira joatea da Blackieren obsesioa, eta Blackie bera da Kanutoren obsesioa. Bidaian abiatuko dira biak, eta bidean opera abesten duten behiak, otso adeitsuak, paperik gabeko etorkin diren armiarmak eta aireratzeko prest den kohetea duen txakur taldetxo bitxia aurkituko dituzte. Baina Pinkyk, arrosa koloreko ardi itzel eta zitalak, euren asmoa galaraziko du.