NAIZ.INFO
BILBO

Krisi garaian gastu militarrera dirutza bideratzen dela salatu dute Bilboko Gobernu Militarrean

KEM eta Sinkuartel konpartsa antimilitaristak inauteri giroan eraman dute Bilboko Gobernu Militarrera euren salaketa. Gastu sozialean murrizketak ezartzen diren bitartean, gastu militarrera dirutza bideratzen dela salatu dute.

Antimilitaristak gaur goizean Bilboko Gobernu Militarrean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Antimilitaristak gaur goizean Bilboko Gobernu Militarrean. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Robin Hood gidari hartuta eta ‘Feudalismorik ez! Desobedienteak basoan!’ lelopean ekimen deigarria egin dute gaur KEM-MOC taldeak eta Sinkuartel konpartsa antimilitaristak Bilbon. Gobernu Militarrera joan dira erdi-aroko medikuz, irakaslez eta eremu ezberdineko pertsonaiez jantzita.

Zerbitzu sozialetara bideratzen den gastua izugarri murriztu den bitartean gastu militarrean ez dela neurri bereko urritzerik izan salatu dute. Datuak ere eman dituzte: Espainiako Gobernuko ministerioen aurrekontuetan gutxitzea, bataz beste, %16,9koa izan den bitartean, Defentsa Ministerioan %8,8koa izan dela salatu dute.

Antimilitaristek desobedientzia zibilaren eta ekintza zuzen ez bortitzaren bidez gizarteari eraldaketarako deia egin diote.