GARA

Euskaraz Bizi Egunak jai giroz eta aldarrikapenez beteko du gaur Gasteiz

Euskal Herrian Euskaraz-ek deituta, Aihotz plazan hasiko dira Euskaraz Bizi eguneko ekitaldiak, 11.00etan, Porrotx pailazoak botako duen txupinazoarekin, eta jarraian kalejira hasiko da. Iragarri dutenez, dultzainero eta trikitilariak ibiliko dira Alde Zaharreko kaleetan zehar, eta Otsogorrigaina mendi elkartean eskalada txapelketa jokatzen den bitartean, Urtxintxa aisialdi elkarteak umeentzako tailerrak eta jolasak egingo ditu, eta herri kirolak ere izango da bertan.

Irratsaio berezia eskainiko du Hala Bedi Bik, Arrosa sarean eta Info7 irratiaren bidez Euskal Herri osoarentzat, gonbidatu ezagunekin.

«Ez gara espaloitik jaitsiko! Euskaraz bizi» leloarekin, manifestazioa izango da 18.00etan, eta 19.15ean, «akelarre ikusgarria» iragarrita dago. Ttek Elektrotxarangak girotuko ditu kaleak ondoren, Dantza Plaza, Gose eta Tximeleta kontzertua hasi bitartean.