Axun Lasa

Non dago akatsa?

Azken egun hauetan irakurtzen ari naizenez «akats larria» egin omen du Urkullu jaunak, Txema Urkijo Biktimen arretarako departamendutik kentzean. Arrazoien artean ordea, ez da aipatzen inkonpatibilitate arazoa, nahiz eta hau izan bai Txema Urkijok eta bai Jonan Fernandezek komunikabide bitartez azaldu digutena.

Biktimen arretarako departamenduak, Txema barne, orain arte egindako lana positiboki baloratzen dut; noski ez nagoela ados egin duten guztiarekin, eta badaukat gehiago egin zezaketenaren sentsazioa ere, baina zer gertatzen da, pertsona bat ordezkatua izan delako, ezer balio ez duen departamendu bat izatera pasatu dela? Ziur nago ez nauela erabat asebeteko Jonan buru duen departamendu honek egingo duen lanak ere, baina nire konfidantza osoa izango du, aurrekoak izan duen bezala, eta ekarpenak egiten jarraituko dut, eta gehiago eskatzen ere bai.

‘Gesto’ren bidea jarraitu omen du Txemak, eta Jonani hemendik nire eskaera apala: jaso ezazu ‘Gesto’k zuen on guztia eta gehitu Baketik, Lokarri, Fundación Fernando Buesa, Gernika gogoratuz, Bakeola... eta abarren ekarpenak. Denok osatzen baitugu Euskal Herria eta alde guztietan aurkituko baitituzu mindutako biktima ugari.

Nire besarkadarik beroena bai Txemari eta baita Jonani ere. Zuen laguntza behar dugu eta mesedez jarrai ezazue lanean. Mila mila esker

Search