Joxi Martin Haba | Mamariga-Santurtzi

Zorionak Errigora

Cascantetik Santurtzira: 228 km.  158 oliba olio bidoi: 790 litro. Errigora ekimenaren esker, agian beste bide batez salduko ez ziren bidoi horiek laster banatuko dira, Santurtziz gain, Euskal Herriko geografia osora. Euskara, auzolana eta elikadura subiranotasuna ardatz, aurreko udazkenean erriberako produktuez hornituriko saskien banaketaz ikasitatik, nafar olioa eskaini dute udaberriko kanpaina honetan, eta hurrengorako, uda aldean, kontserbak.

‘Euskal Herriko uzta, eskutik eskura – Bide berriak’ izendatu da kanpaina. Baina ene irudiko, bide berriak baino, bide zaharrak dira berreskuratu behar ditugunak, zeren eta errazena, normalena eta naturalena dena ezer berezi eta arraro bezala bilakatu baitugu. Erdi Aroan bere despentsak era askotariko jakiez beterik zeuzkaten hiriak ziren setioak hobe jasaten zituztenak, hain inportante baitzen murru sendoak hala nola jakitoki beteak izatea. Bizi garen sasoi ilun hauetan, Globalizalandiako erasotzaileei aurre egiteko, Euskal Hiria eraikitzeko hasi behar genituzke murruak altxatzen, eta Errigora proiektua adibide gisa hartuta, non esku-hartze instituzionalik ez den egon, ea lankidetza berbera beste arloetara zabaltzeko aukera dagoen galdetzen diot neure buruari; kirol munduari, kulturari, teknologia eta industriari, … Despentsa betetzeko gaiak badauzkagu geure hiri honetan, asko, askotarikoak, eta, zorionez, ekoizle ezberdinetatik etorriak. Ez dezagun aukera galdu.

Zorionak Errigora. Mila esker, erribera. Animo, Euskal Herria.

Search