Naiz.info
Donostia

Euskarazko hedabide ez publikoek bat egin dute Hekimen elkartean

Euskarazko hedabideen elkarlana bideratzeko sortu da Hekimen elkartea eta euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatiboa sendotzea izango du helburu. Euskal Hedabideen Behatokia sortzeko asmoa ere agertu dute.

Hekimeneko kide diren hedabideen ordezkariak, gaurko aurkezpenean. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Hekimeneko kide diren hedabideen ordezkariak, gaurko aurkezpenean. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Bi urteetako lanaren ondorio gisa sortu da Hekimen Euskal Hedabideen elkartea, euskara hutsezkoak eta publikoak ez diren hainbat komunikabidek osatutakoa. Kideen artean daude EKHEko ‘Gaur 8’ eta ‘Zazpi Haizetara’ gehigarriak, eta haiekin batera baita Kazeta.info, ‘Berria’, ‘Argia’, Hamaika Telebista, Euskal Irratiak, Tokikom, Zuzeu eta Xaloa Telebista, besteak beste.

Euskal hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatiboa sendotzea izango da elkartearen helburuetako bat, elkarlanean oinarrituta, «bakarrik baino elkarrekin hobeto egingo baitiogu aurre bizi dugun krisi latzari», adierazi du Iban Arantzabal Hekimeneko presidenteak Donostiako Koldo Mitxelenan egindako aurkezpenean.

Euskara hutsezkoak eta publikoak ez diren hedabideek osatzen dute elkartea eta «Euskal Herri euskalduna nahi badugu –nabarmendu du–, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da».

Bere aburuz, instituzioetatik indar handia jarri da azken hamarkadetan administrazioan, hezkuntzan eta baita komunikabide publikoetan ere, baina ez hainbeste euskarazko komunikabide ez publikoetan.

«Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezala babesteko», ohartarazi du Arantzabalek.

Munduan gertatzen denaz ondo informatuta egongo den euskal gizartea nahi dutela nabarmendu dute eta horretarako, beste ekimen batzuen artean, Euskal Hedabideen Behatokia sortzea dute helburu, Hekimen elkartea, unibertsitateak, instituzioak eta hedabide publikoak bilduko dituena.