NAIZ.INFO
BILBO

Bere ahotsa Legebiltzarrera eramateko elkarlana eskaini dio EH Bilduk Ezker Anitzari

EH Bildu eta Ezker Anitza-IUko ordezkariek bilera egin dute gaur arratsaldean eta krisiari erantzun sozial bat emateko beharrean eta erabakitze eskubidearen inguruan izan duten adostasuna nabarmendu dute biek ala biek ere.

EH Bildu eta Ezker Anitza-IUko ordezkariak egin duten bileraren irudia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
EH Bildu eta Ezker Anitza-IUko ordezkariak egin duten bileraren irudia. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduko ordezkaritzak eta Ezker Anitza-IUkoak bilera egin dute gaur azken honen egoitzan. Laura Mintegi izan du buru koalizioaren lan taldeak eta Pello Urizar (EA) eta Dani Maeztu (Aralar) izan ditu alboan. Isabel Salud, Carmen Martiarena eta Iñigo Martinez, izan dira, aldiz, etxekoen ordezkariak.

Bileraren amaieran Mintegi eta Saludek adierazpenak egin dituzte. Nahiz eta bakoitzak bere aldetik hitz egin duen, biak agertu dira bat bi kontutan: krisiari aurre egiteko erantzun sozial baten beharrean eta erabakitze eskubidearen defentsan.

Bere taldeak Gasteizko Legebiltzarrean dauden taldeekin nahiz kanpoan geratu direnekin hitz egingo duela esan du EH Bilduko ordezkariak. Haren esanetan, «ditugun proiektu handiei erantzuteko» beharrezkoa zaie modu horretan aritzea.

Horrez hain, Legebiltzarrean egongo den talde ezkertiar «bakarra» berea izango dela esan du Mintegik, eta horregatik, Ezker Anitza edota EBren ekarpenak beharko dituela aitortu du.

Bere aldetik, Gasteizen bere isla izateko EH Bilduk egin dion proposamena «ongi» ikusten duela esan du Saludek. «Proposamena eskertu diogu eta jarraituko duen bidea ikusten joango gara», aipatu du.