Iñaki Altuna
BAIONA

Konponbideak urrats irmoak behar dituela dio ezker abertzaleak Finlandiako Parlamentuan

Aieteko Konferentziatik urtebete baino gehiago igaro delarik, gatazka politikoa konpondu gabe eta gatazka horrek sortutako ondorioak existitzen jarraitzen dutela adierazi du ezker abertzaleak Finlandiako Parlamentuan. Gorka Elejabarrietak hitzartzea aprobetxatu du behin betiko konponbidea lortzeko «pauso irmoak» eman behar direla esateko.

‘Euskal Herria, gatazkaren amaiera?’ izenburupean, Konferentzia izan da Finlandiako Parlamentuan, Helsinkin. Bertan, ezker abertzalearen izenean, Gorka Elejabarrietak Euskal Herrian bizi den «konponbiderako aukera historikoa» nabarmendu du.

Aieteko Konferentziak eta borroka armatua uzteko ETAren erabakiak sendotutako garai berria aipatu eta gero, gatazkak indarrean segitzen duela gaineratu du Elejabarrietak: «Aieteko Adierazpenean deia egin zitzaien Estatu espainiarrak eta frantsesak oraindik ere ez diote erantzun nazioarteko eragileen eskaerari».

Gatazka politikoak konpondu gabe jarraitzen duela eta horrek sortutako ondorioak existitzen jarraitzen dutela adierazi du. ETAk jardun armatuari behin betiko amaiera eman izanagatik, «azken urtean autoritate espainiarren zein frantsesen aldetik, atxiloketek, polizia jazarpenak eta oinarrizko eskubideen urraketek ez dute etenik izan».

Ezker abertzalearen ordezkariaren esanetan, «bakea ez da soilik kanpaina armatu baten amaiera. Bakeak justizia izan behar du oinarri».

Ezker abertzaleak azken urteetan aldebakarreko urratsak egin ditula gogoratu ostean, «alde anitzeko» fase batera igarotzeko unea iritsi dela baieztatu du: «Eragile guztiek inplikatu behar dute konponbide justu eta iraunkorra lortu ahal izateko».

Nazioarteko komunitateari zuzenduta, bere ekarpena etorkizunean ere, orain arte bezala. «erabakigarria» izango dela azpimarratu du.

Testuinguru horretan, ostiral honetan Donostian izango den Nazioarteko Seminario (‘Elkarrizketa eta elkarbizitza’) eta larunbatean, Baionan, egingo den bakearen aldeko foroa aipatu ditu.

2006an Europar Parlamentuak, mozio bidez, Estatu kideei gatazkaren konponbidea sustatzeko eskatu izana eta, orain, Europako Batasunak Bakearen Nobel Saria jaso izana gogoraraziz amaitu du hitzartzea: «Gure ustetan, Estatu kideek Batasunaren baitan irauten duen azken gatazka armatuan konponbidean oinarrizkoa litzatekeen papera bete ahal lukete, eta bete beharko lukete».