Naiz.info
Tolosa

Tolosako Auzitegiak ontzat eman du Manu Azkarateren estradizioa

Manu Azkarate preso politiko ohiaren estradizioa onartu egin du Okzitaniako Tolosako Auziegiak. Defentsa abokatuak helegitea aurkeztuko du erabakiaren aurka.

Madrilgo Auzitegi Nazionalaren eskaerari men eginez, Paueko Auzitegiko fiskala Manu Azkarate estraditatzearen alde azaldu zen joan den maiatzaren 15ean. Hilaren 29an, Auzitegiak berak fiskalaren iritzia aintzat hartu eta tolosarra Espainiaratzea onartu zuen.

Irailean, ordea, Parisko Kasazio Auzitegiak erabakia bertan behera utzi zuen, baina Azkarateren aurkako prozedura Okzitaniako Tolosan berrabiarazi zen.

Epaileak gaur eman du jakitera bere erabakia eta onartu egin du Ziburun bizi den tolosarraren Espainiaratzea.

Defentsa abokatuak erabakiaren aurka helegitea jarriko duela iragarri du.

Polizia frantsesak martxoaren 7an Ziburun atxilotu zuen Azkarate, baina bere osasun egoera tarteko, fiskalak aske uztea deliberatu zuen, astean behin komisariara sinatzera joateko baldintzapean.

Azkaratek duen eritasun kroniko larria medio, etengabeko zaintza izatea ezinbestekoa zaio. Arrazoi horiengatik, betetzen ari zen espetxe-zigorra eten eta aske utzi zuten baldintzapean, 1992an.

Hamabi urte geroago, Javier Gomez Bermudez Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraleko epailearen aginduz, berriro atxilotu zuten, baina hilabete batzuk geroago aske jarri zuten arrazoi berberagatik. Berriro kontrol neurriak ez betetzeagatik abiatu zuen Madrilek oraingo estradizio prozedura.

Martxoan atxilotu zutenean, tolosarrak hilabete batzuk zeramatzan jada Lapurdin bizitzen eta lan egiten. Garai hartan berak adierazi zuenez, «normaltasunez, helbide jakinarekin, mediku kontrol eta kontsulta etengabeen pean bizi den pertsona baten atxiloketa operazio inportantea bezala aurkeztea gehiegikeria» izan zen.

Gaur jakingo da Kemen Urangaren estradizioari buruz

Bestalde, Westminsterreko epaitegiak gaur jakinaraziko du Kemen Urangaren estradizioari buruzko erabakia zein den.

Ondarroarra pasa den abuztuan atxilotu zuten Londresen, ETArekin zerikusia zuelakoan. Epaileak espetxeratzeko agindua eman zuen.