NAIZ.INFO
DONOSTIA

Bilduk zuzentzen dituen udalek eten egin dute Eudeli egiten dioten ekarpen ekonomikoa

Bilduren esku dauden udalek eten egin dute Eudeli egiten dioten ekarpen ekonomikoa, erakunde horren helburu eta funtzionamenduaren inguruan eztabaida zabaldu arte.

Ibai Iriartek eta Joxean Llagunok eman dute erabakiaren berri. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Ibai Iriartek eta Joxean Llagunok eman dute erabakiaren berri. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Ibai Iriarte eta Joxean Llaguno Tolosa eta Sopuertako alkateek, hurrenez hurren, Bilduk gobernatzen dituen udalek Eudel EAEko udalen elkarteari egiten dioten ekarpen ekonomikoa eten egin dutela jakinarazi dute Donostian eman duten prentsaurrekoan.

Azaldu dutenez, azken udal hauteskundeen ondoren Eudelen zuzendaritza berria osatu zenetik Bilduk elkartearen helburuaz eta funtzionamenduaz «eztabaida sakona» zabaltzeko beharra planteatu du eta abenduan egin zuen azken saiakera, erakundeko lehendakariarekin izan zuen bileran. Eduki eta gai zehatzak biltzen zituen proposamena egin zioten, esan dutenez.

Bilduren asmo nagusia elkartean ordezkatuta dauden sentsibilitate politiko ezberdinen artean «oinarrizko adostasuna lortzea» da, «Eudel beste norabide batean jartzeko eta eredu desberdinek bertan tokia izan dezaten».

Aitzitik, azken 16 hilabeteetan Eudeleko ordezkariek Bilduk egindako planteamenduei eman dieten erantzun bakarra «gorrarena egin eta isiltasuna» izan direla salatu dute. «Eudelen jarrera argia izan da: eztabaida ekidin eta onartezina den egoera bat mantentzeko denbora pasatzen uztea».

Horren aurrean, urtarriletik aurrera Bilduren esku dauden udalek ez dute dagokien ekarpen ekonomikoa ordainduko, «eztabaidari ateak zabaldu arte». Erabaki horrekin Eudelek «bere isiltasuna apurtzea eta inplikatuta dauden alderdi politikoek jarrera aldatzea» nahi dute, «eztabaida bultzatzeko eta elkarteak izan dezakeen potentzial eta indar guztia askatzeko».

Bilduren nahia Eudelen parte hartzea dela nabarmendu dute koalizioko ordezkariek, eta erakunde horren esistentzia Udalbiltzarenarekin bateragarria dela defendatu dute.