NAIZ.INFO
IRUÑEA

Inauterietan murgildu dira Euskal Herriko hainbat txoko

Inauteriak Leitza eta Sunbillan atzo hasi ondoren, astelehenez Zubieta eta Iturenen txanda izan da. Ohiturak dioen gisara, Zubietako joaldunak Iturenerako bidea egin dute eta bihar, asteartea, iturendarrek bisita bueltatuko diete zubietarrei.

Zubietako joaldunak, Iturenera bidean. (ARGAZKI PRESS)
Zubietako joaldunak, Iturenera bidean. (ARGAZKI PRESS)

Iritsi dira aratusteak Euskal Herrira. Atzokoan, kalejira eta mozorro desfileek Sunbilla eta Leitzako inauteriei hasiera eman bazieten, gaurkoan Zubietara eta Iturenera iritsi da festa.

Ohiturari jarraiki, bertatik Iturenera dauden 3 kilometroak zeharkatu dituzte joaldunek. 

Aurtizko auzora iritsi direnean, auzo horretako zanpantzarrekin elkartu dira eta, elkarrekin, Latsagako auzora joan dira. Azkenik, ‘Zubiburu’ parajean dagoen zubi gainetik pasa ondoren, Iturengoekin elkartu dira. Hala, 40-50 joaldun elkartu dira eta Iturengo herriari itzulia eman diote 80-100 zintzarriren soinupean.

Asteartean, berriz, Iturengo zanpantzarrak izango dira Zubietara joango direnak eta, aurreko egunean bezala, bertakoekin elkartuz herriari itzulia emango diote.

Hala, datozen asteotan, Euskal Herriko txoko desberdinetara hedatuko da jaia eta NAIZek haien berri emango du.