NAIZ.INFO
KABUL

Bi emakume hil eta hiru ume zauritu ditu NATOk Afganistanen

NATOko indarrek Afganistanen egin duten eraso batean bi emakume hil dira, baita hiru haur zauritu ere, herrialdeko agintariek jakinarazi dutenaren arabera. Zibilen hilketak dira bi aldeen arteko eztabaidarako puntu nagusi.

Afganistango agintariek NATOri egotzi diote bi emakume hil eta hiru ume zauritu dituen erasoaren egiletza. Gertakariak Herat probintzian jazo dira eta erakunde militarra gertatutakoa aztertzen ari da.

Herat probintziako polizia arduraduna den Ghulam Sakhi Hussaini-k AIP albiste agentziari adierazitakoaren arabera, ezbeharra NATOko kideak etxebizitza batean sartu zirenean eman zen. Talibanen bila sartu eta tiroketan hasi ziren, hauetako bi hilez. Horrez gain, ordea, bi emakume ere hil zituzten, eta hiru ume zauritu.

Atlantikoko Aliantzako bozeramaile batek jazotakoaren inguruko informaziorik ez duela esan dio AIP albiste agentziari.

Zibilen hilketak dira herrialdeko agintarien eta NATOko indarren arteko eztabaida nagusi.