@arianekamio
Durango

Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendaritzatik kendu du Gerediaga Elkarteak

Durangoko Azokaren «hobebeharrez» hartu du erabakia Gerediaga Elkarteak. Urtebete egin du Aiert Goenagak azokaren zuzendaritzan. Kudeaketa horizontalagoa nagusitu da azken denboran, eragile ezberdinen arteko elkarlanean oinarrituta. Antza, tirabirak sortu ditu horrek Gerediaga Elkartean. Goenagak NAIZi jakinarazi dionez, datozen egunetan emango du bere iritziaren berri.

Aiert Goenaga, Landako aurrean hartutako irudian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Aiert Goenaga, Landako aurrean hartutako irudian. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Gerediaga Elkarteak Aiert Goenaga Durangoko Disko eta Liburu Azokako zuzendaritzatik at utzi du.

2011ko edizioaren amaieran hartu zuen kargua Goenagak, Jon Irazabalen 30 urteko ibilbidearen ondoren.

Kudeaketa horizontalagoa izan da orain arteko zuzendariak aurrera eramandakoa, beste eragileekiko elkarlanean oinarritua.

Hori izan daiteke kanporatzearen atzean dagoen arrazoi nagusienetako bat. NAIZek Goenagarekin hitz egin du eta egoeraren balorazioa egiteari uko egin dio. Nahiago du Gerediagak dioena jakin ondoren egitea: «Ea zer esaten duten».

Zuzendari ohiak ez du ukatu kudeaketa eredua eta Azoka kontrolatzeko afera daudenik kargutik kentzearen arrazoien artean, baina ez du bere bertsioa publiko egin. «Bihar edo etzi jakinaraziko dut nire iritzia. Hitzak neurtu nahi ditut. Horrela gainera, kapituloka ezagutuko duzue istorioa».

Azken Azokaren aurkezpenean bertan elkarlan hori nabarmendu zuen Goenagak. «Inoizko egitaraurik zabalena lortu da elkarte eta talde ezberdinen arteko elkarlanari esker».

Antza, kudeaketa mota horren haritik tirabirak sortu dira Gerediaga Elkartean.

Iragan abenduan, Azokaren amaieran, balorazio baikorra egin zuen Goenagak. «Garbi dugu Landakon guztia mugatzeak Azokari berari kalte egiten diola», esan zuen. Izan ere, Azoka «hiri proiektu» bilakatuko zuen estrategia abiarazi zuen, Landako guneaz gain, Durango osora zabaltzea helburu zuena.

«Hauxe da bidea, iaz hasi genuen estrategia gogoan daukagu, pausoak horren gainean ari gara ematen, eta ikusten dugu bide egokia dela», gaineratu zuen. Hazi eta hazi ari den Azoka «hiri proiektu» baten bidea ari da hartzen, pixkanaka Durango osora zabalduz; «San Agustinen egin dugun esperimentazioa termometroa da guretzat eta ikusten dugu oraindik denbora behar dela `hiri azokaren' kontzeptu hori finkatzeko. Egia da ere trena oraindik lurperatu gabe dagoela eta horrek jendeari barrera psikologiko bat suposatzen diola mugitzeko», gaineratu zuen.

«Gure estiloa urratsak astiro ematea da, eta emaitzek erakusten dute bide zuzenetik ari garela», esan zuen bere aldetik Nerea Mujikak, Gerediaga elkarteko lehendakariak.