NAIZ.INFO
DONOSTIA

Ertzaintzak Ekaitz de Ibero gaztea atxilotu du ‘Aske gunean’

Donostiako gazte zigortuen alde sortutako Aske Gunean sartu da Ertzaintza eta berau inguratu du. Era berean, bertan lurrean eserita zegoen jendea altxarazi du kolpeka, bertatik salatu dutenez. Ekaitz de Ibero gaztea atxilotu dute. 12.00etan elkarretaratzea egin dute Bulebarrean.

Donostiako gazte zigortuen alde sortu duten Aske Gunera sartu da indarrez Ertzaintza eta Ekaitz de Ibero gaztea atxilotu du. Era berean, gunea inguratu du ordu erdi inguruz.

Bertan zeuden ehun lagun inguruak lurrean eseri dira Ekaitz de Ibero babestu asmoz eta hauek banan-bana altxarazi ditu Ertzaintzak, kolpeka. Zaurituak eragin ditu, baita kalte materialak ere, bertatik salatu dutenez.

Ordu erdi inguru bertan pasa ostean, alde egin du Ertzaintzak, ez, ordea, anbulantziek, zaurituak artatzen geratu baitira. Gazteek gunearekin aurrera egingo dutela esan dute. Hala, elkarretaratzea egin dute 12.00etan, Bulebarrean bertan.

Bertan izan dira, besteak beste, Joxean Agirre eta Joseba Alvarez Sortuko kideak, Ainhoa Beola Aralarreko ordezkaria, Manu Egaña, Alternatibakoa edota Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabinete burua.

Beñat Apalategi absolbitutako gazteak Ertzaintzaren jokaera «basatia» izan dela salatu du Infozazpi irratian. Gunearen planteamenduarekin jarraituko dutela berretsi du eta gertatutakoa ahalik eta gehien zabaldu asmoz kartelak eta prestatzen ari direla azaldu du.

Gainera, Ertzaintza erietxeetara gerturatu dela salatu du, zauritua suertatu den jendea identifikatu asmoz.

Herritarrek izan duten jokaera goraipatu du Apalategik eta gaurkoa «indar erakustaldia» izan dela aldarrikatu du. Aldiz, Ertzaintzaren «biolentzia erakustaldia» gaitzetsi du. Era berean, hurrengo egunetan ere Aske Gunera gerturatzeko deia egin dio jendeari.

«Hankak geldituko dizkiogu Estatuari, ez diegu erraza utziko gazteak eramatea», gaineratu du.

Gainera, kalez jantzitako ertzainek hedatu daitekeen borra erabili dutela ere salatu dute.

Zutabeak goizean-goiz

Goizean goiz ekin diote martxari Aske Gunean. 8.30etan, hiru zutabetan banatuta, kondenatutako gazteak euren etxeetan jaso eta Bulebarrera abiatu dira. LAB sindikatuak eskaini beharreko hitzaldia amaitu berria zen Ertzaintza sartu denean.

Kondenatutako gazteek, Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduarekin batera, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo. Bertan, Aske Gunearen sorrera iragartzeaz gain, manifestazioa deitu zuten larunbat honetarako Donostian, 17.00etan Bulebarretik abiatuta.

Era berean, 19.30etan ere elkarretaratzea egingo dute eta ondoren hiru zutabeak berrosatuko dituzte zortzi kondenatuei euren etxeetara itzultzen laguntzeko.

Ekaitz de Ibero gaztea Segiko kidea izatea leporatzen zitzaion auzian absolbitua izan zela, hala, atxilotze agindua ezarria zeukan beste epaiketa batengatik.