NAIZ.INFO
DONOSTIA

Euskara ikasleentzako diru-laguntzak berreskuratuko ditu Lakuako Gobernuak

Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 41 milioi euro bideratuko ditu 2013. urtean euskararen sustapenerako diru-laguntzen deialdian. Laguntza hori osatzen duten sei ataletatik, hedabideei dagokionean soilik eutsiko zaio iazko kopuruari, gainerakoak jaitsi egingo direlarik.

Euskararen sustapenerako diru-laguntzen aurkezpena, Donostian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Euskararen sustapenerako diru-laguntzen aurkezpena, Donostian. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Sailburuordetzako zuzendariek eta HABEko zuzendariak aurkeztu dute Donostian diru-laguntzen deialdeia. Eskaerak egiteko epea astearte honetan hasi eta ekainaren 6an bukatuko da.

Aurtengo laguntzen artean, euskara ikasten ari direnentzako banakako diru-laguntzak berreskuratuko direla nabarmendu du Baztarrikak.

«Aurrekontu luzatuak eta iaz baino diru-sarrera gutxiago izan arren, banakako laguntza hauek berreskuratu digutu, aurreko Jaurlaritzak kendu baitzituen, eta 2012ko zero eurotik aurtengo 700.000 eurotara igaroko gara», azaldu du.

Baztarrikak adierazi duenez, aurtengo diru-laguntzen helburuak «helduen artean ezagutza bultzatzea, egunerokotasunean erabilera indartzea, euskara erabiltzeko aukera sortu eta sendotzea, elkarte eta enpresetan euskararen normalizazioaren aldeko ekimenak sustatzea, eta eragile publiko eta sozialen artean elkarlana indartzea» dira.

Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren 2013rako diru-laguntzak sei ataletan banatzen dira. Hedabideei dagokiena bere horretan mantenduko da, baina gainerakoak jaitsi egingo dira.

Hala, HABEk 31.272.000 euroko diru-laguntza izango du, helduen euskalduntzerako eta ikasleen banakako laguntzetan banatuta.

Euskalgintza sustatzeko laguntzeko 979.200 euroko aurrekontu-saila izango dute; orokorrean euskara gizartean bultzatzen duten proiektuak egiten dituzte elkarte pribatuak dira laguntza hauen hartzaileak. Halaber, euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko 4.875.000 euro izango dira.

Euskara IKTen arloan bultzatzeko, zabaltzeko eta normalizatzeko diru-laguntzetarako 807.000 euro izango dira; IKTentzako euskarazko baliabide eta aplikazioak eta euskarak interneten duen presentzia areagotzeko ekimenak egiten dituzte enpresak dira hartzaileak.

EBPN tokiko erakundeetan garatzeko eta euskararen erabileraren normalizazio planak onartzeko diru-laguntzetara 1.385.000 euro bideratuko dira, eta sektore pribatuko lantokietan euskararen erabilera eta presentzia sustatzea zuzenduriko LanHitz deialdiak 1.944.800 euro banatuko ditu. Ildo honetan, Baztarrikak zehaztu du Bikain hizkuntza kalitatearen ziurtagiria eskuratu duten enpresek laguntza osagarria lortu ahal izango dutela.

Gainera, beste 2.272.000 euro izango dira hitzarmenetarako eta laguntza espezifikoetarako, hala nola Euskaltzaindia, Euskaltzaleen Topagunea, Labayru, EHUko Euskara Institutua, Unesco Katedra, Eudel, Uema, Tokikom, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, ONCE, EIZIE, Galtzagorri, Filmazpit-Victoria Eugenia, Mintzola, EKE eta Euskararen Erakunde Publikoa bezalako erakundeekin.