Alvaro HILARIO
BILBO

‘Euskara jendea’, gure hizkuntzaren historia ezagutzeko dokumental sorta erakargarria

«Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria», esan zuen behin Koldo Mitxelenak. Tesi hori dugu euskararen eta euskal hiztun komunitatearen historia ezagutzera eman nahi duten Bilboko Zenbat Gara eta Ibaizabal-Mendebalde elkarteek bultzatutako ‘Euskara jendea’ dokumental sortaren abiapuntua.

Lutxo Egia, Mikel Arredondo eta Hibai Castro. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Lutxo Egia, Mikel Arredondo eta Hibai Castro. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Ibaizabal Telebista herri ekimenetik sortutako Bilbo Handirako euskara hutsezko Internet bidezko herri telebista dugu. Telebistak berak eta Bilboko Zenbat Gara elkarte kulturalak gure hizkuntzaren eta euskaldunon historiaren inguruko dokumental sorta ekoitzi dute. Sei kapituluk osatua, ‘Euskara jendea’ du izena eta Juan Carlos Etxegoien Juanarena Xamar idazlearen ‘Euskara jendea: Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza’ (Pamiela, 2006) liburua du abiapuntu.

2009ko Gabonetan, Ibaizabal Telebistan diharduen lagun talde batek Xamarrekin egin zuen topo telesaio baten grabaketan: «Telebistarako erreportajeak egiten ditugu, eta, horrelako batean, Xamarrekin egin genuen topo, eta bi aldeetatik ikusi genuen interes handia bestelako gaiak jorratzeko. Egungoa bezalako proiektuak egitea ondo ikusi genuen, besteak beste, ‘Euskara jendea’ dokumentalaren modukoak, eta hala hasi ginen bueltak ematen proiektuari», kontatzen du Hibai Castrok. Hibai lantalde bateko partaidea da: «Gure lan egiteko modua beti izan da auzolana, bakoitzak dakiena jarriz eta denok denetarik eginez». Hain zuzen ere, sei lagunek osatutako nukleo bat dago, egunerokotasunaren zama bere gain hartzen duena. Hibai Castrorekin batera, Mikel Arredondo, Lutxo Egia, Adur Larrea, Lon Fernandez eta Xamar bera dira talde horretako kideak. Maria Uriartek off-ahotsa jarri du dokumentalean. Horrez gain, 200 bat laguneko taldeak parte hartu du mota guztietako beharrak egiten.

‘Euskara jendea’ gure hizkuntzaren gainean diren hutsuneak betetzera datorren dibulgazio lana da. «Koldo Mitxelenak honakoa esan zuen behin: ‘Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria’. Guk, berriz, Xamarrek liburuan bezala, hiztun komunitatearen historia dibulgaziotik kontatu nahi dugu. Euskaldunontzat bereziki interesgarria da hiztun komunitate horren eboluzioa eta lan honetan dago, nolabait, abiapuntu izan dugun aipatutako Mitxelenaren tesia», adierazi du Lutxo Egiak. Bere ustez, gakoa, misterioa, hiztun komunitateak bizirautea zelan lortu duen da: «Alde horretatik, oso interesgarria da jartzea gure burua herri zeltak heldu ziren momentuan, edo erromatarrak, zazpi mende eman zituzten hemen-eta. Arazoak arazo, hiztun komunitateak iraun egin zuen. Gure burua hor jarri eta hiztun komunitateak irauteko zer egin behar izan zuen pentsatzea interesgarria da. Komunitatea talde gisa ibili zen. Ariketa hori egitea oso interesgarria da, gure buruari galdetzea aro bakoitzean zer egin behar izan zuen irauteko komunitateak, zelan gainditu zuen erromatarren eta latinaren bultzakada; ikuspegia hori da. Hiztun komunitatearen historia egiteke dago».

Liburu batetik abiatu badira ere, soberan dakite ikus-entzunezkoa beste mintzaira mota bat dela. Genetistek, hizkuntzalariek edota arkeologoek egindako ekarpenak -hots, hamaika ikuspuntu- erabili dituzte dibulgazio lan hau aberasteko. Atalez atal joan dira osatzen, beraz, euskaldunon eta hiztun komunitatearen historia, mendez mende.

Izan ere, sei dira ‘Euskara jendea’ dokumentala osatzen duten kapituluak: «45 minutuko sei dokumental ezberdin dira. Sei atal, historiaurretik gaur egunera arte. Ikusi genuen hainbat eduki sartzeko, eta eraginkortasunaren zein bertsalitatearen aldetik ere, dokumental bakarra egitea baino hobe genuela sei film ezberdin egitea, ezberdinak baina elkarri lotuak», azaldu du Mikel Arredondok.

«Eskuartean daukagun lana handia da, egiteke dago eta gure herriaren zein hizkuntzaren historian ‘biblia txiki bat’ izateko asmoa dauka proiektuak», azaldu du Arredondok. Lana gure artean betiko gera dadila lortzeko, bere erabilera, bere eraginkortasuna asko zaindu dute. «45 minutuko atal bakoitzari erabilera ugari ematea da asmoa: emanaldi baterako, telebistatik emateko, irakaskuntzan, euskaltegietan, unibertsitatean, institutuetan... erabiltzeko», kontatu du Mikel Arredondok. Hari berdinari heldu dio Hibai Castrok: «Historia ezagutzerakoan dauden hutsuneak bete egin behar dira, eta guk pentsatzen dugu dokumental hauek hutsuneak betetzeko bitarteko ona direla. Jendearengana iristeko aukera ematen dute, mezuak modu oso modu erakargarrian plazaratzen baitituzte. 45 minutu eskasetan hainbat jenderengana heltzeko aukera ematen dute dokumental hauek».

«Argi dago ezagutza transmititzeko modu atsegina eskaintzen dutela dokumentalek. Zure hizkuntzaren historia ezagutzen baduzu, are motibatuagoa egongo zara zurea defenditzeko; beraz, dokumentalok motibazioa lantzeko modua ere badira. Horregatik sartu eta mimatu izan ditugu dramatizazioak, mapak, infografiak edota musika [atal bakoitzak kolaboratzaile bana dauka, denak puntako musikariak izanik]. Ekoizpen erakargarria egin dugulakoan gaude», gehitu du Arredondok.

Dokumental sorta hau borobiltzen dabiltza gure lagunak, baita ahalik eta jende kopuru handienera iristeko ahaleginetan ere: «Harremanetan jarri gara ETBrekin; garrantzitsua da telebista publikoan agertzea. Bestalde, bildumak bere euskarri propioa edukiko du, sei DVDak karpeta batean bilduko ditugu [Durangorako egongo da prest]. Ikus-entzunezko lan batek ETB dauka medio natural gisa. Dena dela, irakaskuntzan eta herri mailan ere zabaldu nahi dugu: euskara elkarteekin eta kultur taldeekin ere harremanetan jarriko gara», esan dute amaitzeko hirurek batera.