@GARA_anearruti
DONOSTIA

Eraikinaren zain egon gabe, martxan da Tabakalera

Donostiako Tabakalerak atzerako kontaketa hasi du. 2015eko ekainean dena prest izateko lanean ari dira obrako langileak, eta handik metro gutxira ere, fabrika zaharrari bizia emango dion proiektua lantzen ari da Ane Rodriguezek gidatutako programazio taldea. Bi urte hauek «beta fasean» igaroko dituzte, auzokideekin proiektu ezberdinak probatuz, eguna iristen denean dagoeneko forma hartuta egongo den komunitate batekin lanean jarraitzeko.

Tabakaleraren eraikina konpontzeko lanak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Tabakaleraren eraikina konpontzeko lanak. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Bi urte barru, 2015eko ekainean espero du Tabakalerako lan taldeak eraberritutako eraikinaren giltzak eskuetan izatea. Sortzaileei eta herritarrei eskainitako espazioa izango da, eta horregatik, denbora honetan, eurekin definitu nahi dute proiektua. «Izango garena lantzen joan nahi dugu, publikoari pixkanaka hurbildu, 2015ean bertara sartzen garenerako komunitate bat egon dadin», azaldu zuen atzo Ane Rodriguezek, Tabakalerako Kultura zuzendariak. «Eginez definitzea nahi dugu. Ez dugu ulertzen ingurune batean sustrairik ez duen proiektu bat», gaineratu zuen.

Hasiera batean Joxean Muñozek eta bere taldeak aurreikusitako proiektutik dezente aldentzen da egungo lan taldeak gauzatu nahi duena. Ez da ikus-entzunezkoei espresuki lotua egongo, «espazio malguak nahi ditugu, ezertarako finkatu gabeak. Sorkuntza, ezagutza eta erakusketa sustatuko ditugu. Gai bati baino, gure filosofiari zerbait eskaintzen dioten proiektuak nahi ditugu».

Eraikinak dituen 37.000 metro karratuetatik, 10.000 izango dira Tabakalerako kultura proiektura bideratuta egongo direnak. Gainerakoak «bizilagunek» hartuko dituzte: Etxepare Institutua, Euskal Filmategia, Kutxa, eta ziurrenik, Zinemaldia. «Oraindik ez dute erabaki baina zuzendaritzaren nahia hona etortzea da», esan zuten. Bestalde, 2.400 metro karratu inguru erresidentzientzat izango dira, bertan lanean ari diren sortzaileentzat nahiz hirira etortzen diren konpainia edo kultura eragile ezberdinentzat.

Obrako lanei dagokienez, estruktura ahalik eta gehien errespetatuko dutela adierazi zuten, habe eta zutabeak desmuntatu eta berriro banan-banan eraiki dituzte zenbait tokitan. Beste nabe batzuetan sabaia kendu eta altuera bikoitza eman zaio, etorkizunera begira egon litezkeen beharrei erantzuteko. «Gure asmoa dagoena ahalik eta gutxien tapatzea da, agerian utzi nahi dugu aurretik zegoena. Aldatuko duguna espazioak hobetzeko izango da, minimoa», azaldu zuten.

Etengabeko beta egoeran

Bi urteko epe honi «Atarikoa» deitu diote, «proiektu kulturalak ingurunean bere kokapena aurkitu behar du `etengabeko eraikitze' prozesuan dagoela onartuta». Horretarako, hainbat proiektu jarriko dituzte abian.

Hirikilabs izango da horietako bat, Donostia 2016rekin batera landuko dena. Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharrean gauzatuko da eta bi egitasmo batuko ditu: kultura askea ezagutarazi eta indartzeko Donostia 2016ren Hirikia sistema eta Tabakaleraren laborategiak. «Proiektu honek laborategien prototipo gisa funtzionatuko du eraikina zabaldu aurreko bi urte hauetan». Uztaila eta iraila bitartean, proiektuak behar duen espazio eta ekipamendua eraikiko dira elkarlanean; altzariak eraikitzeko tailerrak egingo dira, 3D inprimagailu eta eskanerrak sortzekoak... Urritik aurrera, lan taldeak jarriko dira martxan, kultura libreari lotutako kanpoko eragileek gidatuta.

Bestalde, etorkizuneko mediateka diseinatzen eta definitzen ari dira. Ubik deitu diote, unibertso paraleloez hitz egiten duen izen bereko Philip K Dick-en nobelan oinarrituta. Izan ere, teknologia berriek kultura kontsumitzeko modua aldatu dute baina dokumentatzeko eta biltegiratzeko modua ere bai. Horregatik, fondoen integrazioa lantzen ari dira. Tabakalerako kultur proiektuak sortutako guztia bertan integratuko da eta Zinemaldiarekin edo Euskadiko Filmategiarekin ere lanean ari dira integrazio hori nola gauzatu ikusteko.

Bukatzeko, ikus-entzunezkoek ere bere tokia izango dute. Hirian presentziarik ez duten proposamenei lekua egingo diete eta formazio tailerrak egingo dira. Cristina Enea Fundazioarekin batera udako zinema egingo da parkean, eta Zinemaldiarekin, Zine Ikasleen Nazioarteko Topaketak egingo dituzte aurten ere.