NAIZ.INFO
DONOSTIA

Euskaraz jarduteko marko legala galdegin du Gipuzkoako Aldundiak

Zigor Etxeburua Gipuzkoako Euskarako foru zuzendariak egungoa baino zehatzagoa eta eraginkorragoa den marko legala aldarrikatu du, euskal gizartearen eta erakundeen berreuskalduntzea ahalbidetzeko.

Martin Garitano ahaldun nagusia eta Zigor Etxeburua, Euskarako foru zuzendaria. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Martin Garitano ahaldun nagusia eta Zigor Etxeburua, Euskarako foru zuzendaria. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Batzar Nagusietako Euskara batzordean agerraldia egin dute Etxeburuak eta Martin Garitano ahaldun nagusiak, egoera aztertu eta Estatu espainolak euskararekiko duen jarrera aztertzeko.

«Adierazgarria da Espainiako estatua berriz ere oldartu izana errekurtso, beharkizun eta informazio eskeen bidez. Nabarmen geratu da euskararen garapenaren aurkako bultzada politikoa abiatu duela Estatuak», salatu du Etxeburuak.

Horren aurrean, azaldu du legediak mugak dituela «herri administrazioek euskaraz jarduteko eta euskararen normalizazioa eragiteko».

Hori dela-eta, adierazi du Aldundiaren aburuz administrazioek «marko orokor egokiago» bat behar dutela.

Etxeburuaren esanetan, «kezkagarria» da arlo honetan Lakuak erakusten duen «iniziatiba eza».

Aldundiko Euskarako zuzendariak nabarmendu duenez, «euskararen erabilera sustatzeko ardura eta eskumena dituen erakundea Eusko Jaurlaritza denez, berari eskatzen diogu kontratazioaren arloa arautzea, besteren artean, udalek nahiz foru aldundiek euskaraz normaltasunez lan egitea ahalbidetzeko moduz».

«Foru Aldundi honen ustez, beharrezkoa litzateke proposatzea EAEko parlamentuari egungoa baino zehatzagoa eta eraginkorragoa izango den marko legal egoki bat osatzea, gizartearen eta erakundeen berreuskalduntzea ahalbidetuko duena», azpimarratu du.