Naiz.info
Donostia

Letren arteko bidaia Liburuaren Nazioarteko Egunean

Apirilak 23. Liburuaren Nazioarteko Eguna. Irakurzaletasuna sustatu eta letren artean nabigatzeko jardunaldi aproposa. Kapitain esperientziadunak dira zenbait, marinel hasi berriak besteak, baina oraindik bada literaturaren ozeanoa lehorretik ikuskatzen duenik. Haiek itsasoratzea, liburuen talaiako gaurko haize ufada nagusia zentzua.

Liburuak protagonista nagusi gaurko egunez. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Liburuak protagonista nagusi gaurko egunez. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, hamaika izango dira egunean zehar literaturari so egingo diren ekimen, tailer eta ospakizunak. Literaturzaletasuna sustatzea eta letren ozeanoan itsasoratzea izango dira gaurko helburu nagusiak.

Euskaltzaleen Topaguneak, esaterako, ‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoaren zortzigarren edizioa jarriko du martxan, zenbait euskara elkarte, udaletxe, liburutegi eta liburu dendarekin batera. Euskal Herri osoko 42 herritan egongo da martxan ekainaren 30era arte eta irakurzaletasuna bultzatzea xede duen egitasmoak herritarrak euskarazko literaturara gerturatu nahi ditu.

Aurten hedapen nabarmena izan du egitasmoak, iaz baino herri dezente gehiagotan jarriko baita martxan, 42 herritan, hain zuzen ere.

Euskarazko literatura, hiru pausotan

Kanpainaren adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia, eta horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango da.

Ondoren, bigarren pausuan, liburua irakurri ondoren, liburutegira itzuli eta fitxa sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa txekea emango dio irakurleari, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Azken pausua, liburua oparitzea da. Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen prezioaren %25 ordaintzeko aukera izango da.

42 herritan

Aurten 42 herritan izango da martxan ekimena. Eskualdekako hedapenean jarri dute arreta antolatzaileek egitasmoa herrietan indartzeko helburuarekin. Horrela, Araban, Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Maeztu, Urkabustaitz, Zigoitia eta Zuian egongo da martxan, eta Bizkaian, Atxondo, Bilbo, Derio, Ermua, Larrabetzu, Mallabia, Mañaria, Ondarroa, Otxandio, Portugalete eta Zamudion.

Gipuzkoan, Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Mutriku, Segura, Soraluze, Olaberria, Ordizia, Orio eta Zaldibian egingo da ekimena, eta Nafarroari dagokionez, Altsasu, Araitz, Arbizu, Irurtzun, Gares, Basaburua, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Tafalla, Urdiain eta Ziordian.

‘BookCrossing’

Bilbon, bestalde, Arte Ederren Museoko Liburutegiak ‘BookCrossing’ ekimenean parte hartuko du. Gaurkoan 2.500 liburu baino gehiago «jarriko dira zirkulazioan», topatzen dituztenek irakurketaz goza dezaten eta munduko beste lekuren batean askatu ditzaten berriro.

Horrez gain, arratsaldeko 19.30ean Bidebarrieta ekitaldi aretoan hitzaldi bat ospatuko da Félix G. Modroño eta Jon Arretxerekin eta Bilbo eta literatura uztartzen dituen erakusketa bat inauguratuko da.

Pepe Artola eta Luis Martin Santosi omenaldia Donostian

Donostiako Liburuaren Nazioarteko Egunean Pepe Artola eta Luis Martin Santos omenduko dituzte, lehenengoaren jaiotzaren 150. urteurrena eta bigarrenaren heriotzaren 50.a betetzen direnean.

Gipuzkoa Plazan liburu azoka izango da eta egunean zehar irakurraldiak eta tailerrak egingo dira.