amagoia.mujika@gaur8.info

Matea Joxepa Zubeldia, oraindaino liburuetan kabitu ez den bertsolaria

Txirritaren garaian bazen Hernanin beste bertsolari bat orain arte liburuetan kabitu ez dena eta ahozko memoriak ez duena mimoz gorde, bere etxekoenak salbu. Matea Joxepa Zubeldia Elizegi bertsolaria zen eta ahal zuenetan plazan aritzen zen. Estitxu Eizagirrek aurkeztu berri duen «Bertsoaren haria Hernanin» liburuko perla handienetakoa horixe.

Matea Joxepa Zubeldia, oraindaino liburuetan kabitu ez den bertsolaria
Matea Joxepa Zubeldia, oraindaino liburuetan kabitu ez den bertsolaria

Hernanin bada bertso sorta bat ezagun samarra. Baztangaren inguruko bertsoak dira, herriko gertaera ezagun baten kronika errimatu interesgarria. 1918ko apirilaren 1ean udalbatza garrantzitsu bat izan zen Hernaniko Udalean. Bertan ziren Benefizentzia eta Osasun Batzordea eta herritar talde zabala. Auzia garrantzitsua zen: Gobernadore Gorenak agindua emana zuen hurrengo eguneko hamarrak baino lehen Lasarteko baztangadun gaixoak –batzuk egoera oso txarrean, hiltzeko arrisku bizian– Hernaniko Benefizentzia Etxera ekar zitzaten. Herritarrak sutu egin ziren, beren osasuna eta Benefizentzia Etxeko egoiliarrena arriskuan jartzen zelako eta beldur zirelako herriko industriaren interesei ere eragingo ziela. Horregatik erabaki zuten kontra egitea, eta Gobernadorearekin Donostian mintzatzeko batzorde bat izendatu zuten.


Gobernadoreak ez zeukan hizketarako asmorik eta uko egin zion batzordea hartzeari berari. Hartara, protestazko telegramak igortzeari ekin zioten, agintari desberdinak helmuga. Hernaniarrek mehatxu larria ikusten zuten gobernadorearen erabakiaren atzean eta alternatibak jarri nahi zituzten mahai gainean. Ez zen gaixoekiko elkartasun falta, herritarren osasunaren gaineko kezka baizik. Baztanga gaitz larria eta oso hilkorra zen.


Bide diplomatikoek emaitzarik ez zutela ematen ikusita, herria kalera atera zen, bazekartzaten gaixoen bidea oztopatzera. Garaiko aktek jasotzen dutenez, «ez klase eta ez sexu, inolako diferentziarik gabe» hernaniarrek protesta jendetsua egin zuten, eta eskura zuten guztia erabili zuten bidea ixteko. Azkenean, gobernadoreak atzera egin behar izan zuen bere erabakiarekin eta Lasartetik gertuko barrakoi batzuetara eraman zituzten gaixoak.


Herriaren lorpena ospatzeko herri bazkaria antolatu zuten Ezkiaga pasealekuan. Bazkaria bukatuta, aulki bat mahai gainera igo, bertan eseri eta 24 bertso bota zituen Matea Joxepa Zubeldia Elizegik. Gertatutakoaren kronika ederra benetan. Baina, zein zen Matea Joxepa Zubeldia Elizegi?


Estitxu Eizagirre kazetariak duela egun gutxi aurkeztu du “Bertsoaren haria Hernanin” liburua. Perla asko biltzen dituen lana da, 1800etik 2013ra bitartean Hernanin bertsoak izan dituen ibilera asko eta oso desberdinak biltzen dituena. Baina perla horietan distiratsuenetakoa bera izan da: Matea Joxepa Zubeldia Elizegi.


«Baztangaren bertsoak badaudela Hernanin jakin samarra da, nahiz eta segur aski oso jende gutxik irakurri dituen. Baina egileari buruz ezer gutxi zekien inork, eta ez zegoen jakin-minik ere. Horrela geratu gara emakumeak liburuetatik kanpo. Eta horrela hasi ginen gure artean pentsatzen gauza ederra litzatekeela Matea Joxeparen berri jasotzea», hasi da kontatzen Estitxu Eizagirre.


Liburu argitaratu berrian Hernaniko eta Hernani inguruko bertsolari guztiek daukate beren orrialdea, beren biografia, baldin eta horretarako datu adina baldin badago behintzat. «Emakumeek beren orrialdea izatea nahi nuen, gaur egunekora iritsi aurretik. Izan ere, erreferentziak asko daude; ‘amonak pasatu zidan zaletasuna’, ‘halako auzotan bazen leihotik bertsotan egiten zuen emakume gazte bat’... baina zehaztasunik gabe. Eta horrela hasi ginen, herrian zubeldiatarrak nortzuk ziren ikusi eta Matea Joxeparen berri gehiago jakin nahian», segitu du.


Eta gauzak nola diren, ondo-ondoan topatu zuen Eizagirrek Matea Joxeparen ondorengoa. «Nire lankide Arantzazu Ruiz, hain juxtu liburuaren azala diseinatu duena, Matea Joxeparen ondorengoa da. A ze poza jakin nuenean! Bila ibili eta nahi gabe perla horrekin topo egin dut, eta poz horrekin geratzen naiz.Sekulakoa izan da. Matea Joxeparen ondorengoen ahotik jaso dut bere bizitzaren berri». Eta, azkenean, Matea Joxepa Zubeldia Elizegik bere tartea dauka “Bertsoaren haria Hernanin” liburuan.


Hernanitik Madrila, eta buelta


Matea Joxepa Zubeldia Elizegi (1867-1947) Hernaniko Ibarluze baserrian jaio zen. Baserriaren jabeak madrildarrak ziren eta orduan bazen ohitura etxeko alabak neskame bidaltzekoa baserriko jabeen etxera. Halaxe bidali zuten Madrila, artean neskatoa zela. Madrilen ezagutu zuen senarra, Manuel Ortiz Martinez burgostarra. Ezkondu eta Madrilen bertan bost seme-alaba izan zituzten. 1904an Hernanira bueltatu ziren eta bertan jaio ziren beste bi alaba. Zazpi seme-alaba eta 27 biloba izan zituen Matea Joxepak.


Senarra mehatzeetan lan egina zen eta oso gaixo zegoen. Ezin zuen lanik egin, asmak jota zegoelako, eta lanak zituen arnasa hartzeko ere.


Madrildik bueltatu zirenean Joxepak janari denda bat ireki zuen Hernaniko Kale Nagusian, eta hortik atera zuen familia guztia aurrera. «Seme-alaba eta guzti, berak bakarrik jarri eta atera zuen aurrera denda, eta jeneroa negoziatu, eta kontuak eraman eta... Esaten dutenez, gizona denda aurrean egoten zen aulki batean eserita, bere bizarrarekin. Hernanin bizardun bakarra bera zen, eta horregatik gara gu barbasenekoak», kontatu du Mikel Ruizek, Joxeparen bilobak, “Bertsoaren haria Hernanin” liburuan.


Manuel Ortizek ez zuen euskaraz ikasi, baina etxean seme-alabek dena euskara egiten zuten. Senar-emazteek beren artean gazteleraz egiten zuten, baina gainontzeko elkarrizketa guztiak euskaraz izaten ziren haienean. «Semeetako bat, Joakin Ortiz (1896-1898 inguruan jaioa), lagunartean eta bertsotan aritzen zen. Madrilen jaioa zen baina gazteleraz ikaragarri gaizki egiten zuen. Parrandazalea eta mugitua zen, eta euskaraz kantatzeagatik atxilotu zuen guardia zibilak. ‘¿Cómo te llamas?’ ‘Joakin Ortis’ ‘Y dónde has nacido’ ‘En Madrid’. Muturrekoa eman eta ‘no nos tomes el pelo’ esan zioten».


Bilobek kontatutakotik igar daiteke Matea Joxepa emakume oso berezia zela. «Nik ezagutu nuen amona nola egoten zen idazten. Luma eta tinteroarekin idazten zuen. Poesiak, errezo asko eta bertsoak idazten zituen. Gure amak esaten zuen elizan kantatzen ziren kantu batzuen hitzak Joxeparenak zirela».


Paper fabrikatik paper biribilkiak ekarri eta bere koadernoak egiten zituen. Bilobek gogoan dute nola papera neurrira moztu eta orriak egiten zituen. Eta orratzarekin eta listariarekin josiz, pasta bat jarri aurrean eta atzean eta koadernoak osatzen zituen. «Denbora librea ateratzen zuenean idazten zuen eta bere koadernoak erakusten zizkidan, oso txukun zituen! Idazteko erabiltzen zuen mahaia jasoa dugu», kontatu du aipatu liburuan Joxan Ruizek.


Kontatzen dute bazela bertsolari bat kaletik bertsoa botatzen ziona eta Matea Joxepak Kale Nagusiko bere balkoitik erantzuten omen zion. Baztangaren bertsoen berri ere ederki dakite bilobek; «gure amak esaten zuen ‘zer lotsa guretzat, gure ama mahaira igo zenean jende guztiaren aurrean bertso haiek kantatzera’», ekarri dute gogora. Izan ere, alabak oso lotsatzen ziren ama bertsolaria zelako eta jendaurrean bertsotan aritzen zelako. Erabat gizonezkoen giroa zen eta gogorra egiten omen zitzaien ama bertan ikustea. «Eta alabek, ama hil zenean, koaderno denak erre zituzten. A zer galera!», penatu da Mikel Ruiz. Ba bai, galera ikaragarria, eta ez bakarrik sendiarentzat.


Estitxu Eizagirrek lortu du sikiera Matea Joxepa Zubeldia Elizegiren bizitza zatitxo bat sutatik ateratzea. «Zubeldiaren bertsoak sekulakoak iruditzen zaizkit. Hernanik dauzkan bertso epiko ederrak iruditzen zaizkit, Orioko balearenarenak bezala baina Hernanin. Kontakizun zehatza da, grazi handiarekin egina, perla bat. Asko esaten dute hernaniarren izaeraren inguruan. Eta, gainera, rolen inguruko eskema asko hausten dituzte. Gizonak eta emakumeak kontrako roletan agertzen dira; gizonak negoziazioan, telefonoa eskuan batera eta bestera deituaz, burokrazian eta bileratan... eta biharamunean gaixoen karabana bidaltzen dutenean emakumeak ateratzen dira bidera borroka egitera. Eta emakume kontzientzia ere oso presente dago bertso sorta horretan», iritzi dio Eizagirrek.


Bertsoak plazaratzeko moduak ere asko esaten du Matea Joxeparen izaeraren inguruan. «Herri bazkari batean, mahai gainera igota. Oso gaizki ikusia zegoen garai hartan emakumeak plazan bertsotan egitea eta berak era horretan egin zuen. Izugarria iruditzen zait», segitu du.


Biloben kontakizunetik


Matea Joxeparen bilobek osatu dute amonaren biografia, ikusi dutenetik eta entzun dutenetik. «Polita da nola gogoratzen duten amona idatzi eta idatzi. Txirritak ez zituen bere bertsoak idazten, Matea Joxepa bere garaikoa zen eta idazten zituen. Ez zen edozein, oso jantzia eta ilustratua zen; idazteko eta irakurtzeko zaletasun handia zuen. Familian pena handia daukate haren koadernoak erre zituztelako».


Amorru pixka bat ematen du, baina, Eizagirreren hitzetan, batez ere «zer pentsatua» ematen du. «Horrelako zenbat istorio ote dauden. Zergatik gelditu dira emakume horiek liburuetatik kanpo? Patxi Bakallo bertsolariak bizilagun batekin egiten zuen bertsotan auzoan leihotik leihora, emakume gazte batekin. Patxi Bakalloren biografia eta bertsoak iritsi dira egunotara eta beste bertsolari horren berri ez dakigu ezer, ezta izena ere. Garaiko mentalitateak, egiten zutena ez baloratzeak, emakume izen asko eta asko utzi ditu bazterrean. Ez dakit axola falta ote den edo letxe txar handi samarra», kontatu du.


Horregatik dago hain pozik Eizagirre, Matea Joxeparen biografia jaso duelako. «Niretzat liburuko perlarik handiena izan da. Beste perla zenbait badaude, baina bazeuden han edo hemen bilduak, eta liburura ekarri ditut. Baina Matea Joxeparena deskubrimendu bat izan da. Pozik nago familia ere oso-oso pozik eta harro dagoelako Hernaniko historian tokia egin zaiolako». Zalantzarik gabe, ezagutzeko modukoa zelako, merezi zuen Matea Joxepa Zubeldia ezagutzera emateak.

Estitxu EIZAGIRRE - KAZETARIA

«Garaian-garaian bertsoa egunerokoaren kronika izan da»

Ahots berezia dauka «Bertsoaren haria Hernanin» liburuak, lehen pertsonan jasotako testigantzek osatzen dute-eta.

Bai. Nik ez dut liburu bat idatzi, kazetari lan luze bat egin dut. Hau ez da nire liburua, jende pila baten kontakizuna biltzen duen lana da. Bilduma bat bezala ikusten dut. Ez nuen nahi narratzaile batek kontatzea historia zer izan den, hori oso gauza serioa baita. Gainera, uste dut ez dela posible, ez dut uste historia hari narratzaile bakarrak konta dezakeenik, historiak ertz asko dituelako. Gertaera berdina eta garai berdina batek edo besteak oso modu desberdinean bizitzen du, eta hori oso garbi geratzen da liburuan. Liburuaren gakoetako bat hori da: garai bakoitza kontatzen da protagonisten ahotik eta bakoitzak bere ikuspegitik egiten du. Eta hortik aurrera irakurleak bere irakurketa egingo du.

Bertsoaren inguruko liburua da, baina soziologikoki oso interesgarria; zenbat pista ematen dituen garai bakoitzeko Hernaniri buruz...

Bai, zenbat pista eta batzuetan zein gutxi. Esaterako, gerrako bertsoekin harritu egin naiz; zenbat dauden, baina, era berean, zein gutxi. Iruditzen zait gerra batek bertso gehiago emango zituela, eta agian iragazkiren bat izan dela tartean eta ez direla guregana iritsi ziren guztiak. Baina, bai, orokorrean liburuak aukera ematen du garaian garaiko gaiak zeintzuk ziren ikusteko: gerra, sagardotegiak, intsumisio garaia, tranbia, abiadura handiko trena, etxebizitzen burbuila, parrandak, familia harremanak... Bertsoa oso lotuta dago jendartearekin. Garaian-garaian bertsoa egunerokoaren kronika izan da.

Kapitulu bakoitzaren sarreran kokapen historiko bat dago, oso lagungarria garai bakoitza hobeto ulertzeko.

Bai, egia esan asko laguntzen dute. Eta pasadizo eta datu bitxi asko ere badaude. Esaterako, urte batean ez zirenSanJoan jaiakospatu, Orbegozoko langileak greban zeudelako eta haiekiko elkartasunez. Eta hori bertsoetan kontatzen da. Bertsoek pasadizo historiko asko jasotzen dituzte.

Ezagutzen den lehen bertso desafioa hernaniar batek jokatu zuen.

Bai, Villabonako errebote plazan jokatu zen, 1801ean. Hernaniko Txabolategi eta Amezketako Zabala aritu ziren. Diotenez 4.000 entzule bildu ziren. Bi ordu eman omen zituzten bertsotan, entzuleen garrasi eta oihu artean, eta azkenean epaileek erabaki zuten biak berdin-berdin egon zirela; «batak adinbat egin behar degu bestea», kantatu zuen epaia Aizarnazabalgo sakristauak. Oso bitxia da berdinketa hori, eta denak konforme geratu ziren. Agian berreskuratu egin beharko genuke berdinketaren aukera gaur egungo txapelketetan.

Euskara oso bizia sumatzen da liburuan, bai bertsotan eta bai elkarrizketetan. Beti esaten da badela Hernaniko bertsokera bat, estilo bat.

Horri buruz liburuan gehien teorizatzen duena Aitor Mendiluze da. Amurizak ikastaroa eman zuen 1981. urtean. Bi hilabetez astero bi orduko saioa egiten zuten udaletxeko goiko pisuan eta ehun lagunetik gora biltzen ziren. Ikastaroa eta gero helduen talde bat sortu zen Hernanin. Eta kontatzen dute Hernaniko estilo hori edo gustu hori oso lotuta dagoela helduak elkartu eta librean kantatzeari. Taldetxo horretako araua zen mahaiaren bueltan eseri eta zetorrenean kantatu, eta berriz zetorrenean berriz kantatu, gairik gabe. Hor hazitakoak dira Unai Agirre, Mendiluze, Irazu... Haiek esaten dute horrela aritzeak asko erakutsi diela librean egiten, ondokoari entzun eta ahal duzun bezala jotzen joaten, erantzuten. Txikian asko kantatzen zen, doinuekiko gustu batekin, umorez... Bai, egon da halako eskola bat bezala, gustu bat.

Azken Txapelketa Nagusian oso bide polita egin dute Hernaniko bertso eskolaren bueltan dabiltzanek.

Egia da, eta horrek nahiko buruhauste sortu dit liburuarekin [barreak]. Historia ez da inoiz bukatzen eta halakoak gertatzen dira. Nik sekulako antsia nuen argitaratzeko. Asmoa zen abenduan argitaratzea eta urria bueltan dena prest antzera neukan. Baina txapelketa hasi eta hernaniarrek aurrera eta aurrera egiten zutela ikusten nuen, herrian sekulako poza eta ilusioa zegoela, eta ni liburua ezin itxi. Ezin nuen argitaratu liburua finalaren biharamunetan txapelketaren inongo aipamenik egin gabe. Horregatik azken kapitulua 2013ko txapelketaren laburpen bat da.

Bertsolariak ez diren hernaniarrak ere aipatzen dira liburuan. Agustin Iturriaga (1778-1851) nabarmendu zenuen liburuaren aurkezpenean.

Nire ustez Hernaniko ikur izan beharko luke Iturriagak. Hernanik badauka pertsona bat oso gogoan izan beharko lukeena eta aldarrikatu beharko lukeena. Iturriagak defendatzen zuen eskola berritzailearen eredua benetan nabarmentzekoa da. Eta euskararen inguruan zeukan ikuskeran sekulako intuizioa erakutsi zuen. Euskarazko eskola materiala sortu zuen oso garbi zuelako haurrek etxeko ama hizkuntzan ikasi behar zutela;horrela hobeto ikasten zelaeta beraz haurrek euskaraz ikasi behar zutela uste zuen. Errepublika garaian Diputazioak Gipuzkoa osorako materiala eskatu zion. Euskara biziberritzeko plan bat prestatzen ere ari zen, eta egiten zuen diagnostikoa gaur egungoaren antzekoa da; jendeak jakin bai, baina ez zuela erabiltzen, prestigiorik ez zitzaiola aitortzen... Liberala zen eta bere garairako ideia oso aurrerakoi eta oso onak zituen. Horrexegatik Errepublika erori zenean eskola itxi zioten, debekatu egin zioten irakaslelanetan jardutea... Sekulako errepresioa jasan zuen bere azalean. Era berean, Muñagorriren bertsoak bereak direla uste da. Bertso liberal horien egilea hernaniar bat izatea jakin beharrekoa da, noski. Eta lotura hori nahikoa izan da nik Iturriaga liburura ekartzeko. Benetan pertsonaia garrantzitsua iruditzen zait.

Txirrita eta Maialen Lujanbio. Bi txapeldun handi Hernanin.

Txirrita garai baten ikur izan zen, bertsolari izateko modu baten ikur. Oso ondo dokumentatzen zen bertsoak egiteko eta maisua zen bertsoak egiten, bertsoak jartzen. Enkarguz eskatzen zizkioten bertsoak jartzeko honi edo hari, eta horrek sekulako eragina zeukan gizartean. Txirritak bertsoak jartzea ez zen txantxetako kontua. Eta gertatzen zen Txirritak bertsoak jarritako hori bera beregana bueltatzea, kontrakoari bertsoak jartzeko eskatuz. Liburuan bada beste altxor bat, Txirritari Madrilgo aldizkari batek egindako elkarrizketa bat;Larrabetzu.org atarikoek topatu zuten eta haiena da meritu guztia. Baina bistan geratzen da Txirrita bizi zen garaian euskal prentsa beste toki batzuetara begira zegoela, doktrinara eta Elizako kontuetara, ez baitago Txirritari egindako elkarrizketarik. Bere heriotzaren berri eman zuten, baina bere bizitza nonbait ez zitzaien asko interesatu. Baina juxtu Matea Joxeparen kontrako kasua izan da. Hernaniarrok gauza asko jaso ditugu Txirritaren bueltan, etxean, eskolan, kalean... Ahozko memoria horrek oso bizirik mantendu du Txirrita, eta, Matea Joxepa, batere ez. Zer pentsa ematen du, ezta?
Eta, bestetik, Maialen Lujanbio. Nire ustez denborak oraindik bere lekuan jarriko du, dagoena baino gorago. Orain zaila da, distantzia behar da horretarako, baina uste dut denok konturatzen garela Maialen ez dela edozein bertsolari eta edozein txapeldun, arrastoa utzi du gauza askotan eta are handiagoa utziko du. Txirrita bezala, Maialen izugarri dokumentatzen da eta bide berezia egin du pentsamolde eta ikusketa autonomo eta propio bat lantzeko orduan. Bereziki zaindu du hori. Kantaeran ere berea egin du... Sortu du bertsotan egiteko modu bat, eskola bat...

Zure lana puzzlearen pieza bat dela diozu.

Herri guztiak animatuko nituzke bilketa lana egitera. Dagoeneko herri batzuek egina dute, baina falta direnak animatuko nituzke. Finean, Euskal Herriko puzzlean pieza bat baino ez da Hernaniko hau, eta bitxia da nola ikusten diren hainbat fenomeno pieza horren prismatik. Herri bakoitzak bere pieza idatzi beharko luke. Konbentzituta nago Bertsozale Elkarteak daukan guztia jarriko duela horretarako.Udal bakoitzak bere ondare kulturala bildu eta zabal dadin apustua egitea hil ala bizikoa da.