Fito Rodriguez
Fito Rodriguez
Idazlea

Juduen isiltasuna

 

Hala Philip Rhotek nola Imre Kertészek ere idazketari utziko diotela diote.  Biak ala biak juduak baina bakoitzak hebreeraz besteko hizkuntzak erabiliaz saiatu izan dira Munduari hitza ematen. Ni ere nire burua ezagutzen joan izan naiz literaturaren bidez. Irakurlea nauzu irakurle, idazlea baino gehiago, ofizioz nahiz afizioz, edo agian, idazlea naiz irakurlea naizen hein berean. Eta irakurle gisa, jakina, ez dut fikzioa bakarrik aintzakotzat hartzen, ezta soilik euskaraz argitaratzen dena ere. Aitzitik, mota desberdinetako idazkiei kasu egin behar diedan neurri berean, hizkuntza bat baino gehiago hartu behar izaten dut kontuan nire irakurraldiak behar bezala antolatzeko eta jarrera hori bera ez zitzaion arrotz izan ez Montaigneri ez eta saiakeragintzan ibili den edonori. Rhoten laguna den Aharon Appelfeld, Rhot bera eta Kertsész ez bezala, hebreera erabilitzen duen idazle juduak, adibidez, horri buruz hauxe zioen:

“Hebreera nekez ikasi nuen. Hizkuntza zaila da, zorrotza eta aszetikoa. Hona bere oinarria: isiltasuna da jakintza babesten duen harresia. Hebreerak pentsatzen irakatsi zidan, hitzak aurrezten, adjektiboak neurtzen..., irakatsi zidan diot, hura ikasi gabe ezin izango bainukeen nire bidea aurkitu...”[1]

Mota horretako literaturak hizkuntza hautatzea baitakar. Hala egin zuten Kafkak, Pessoak, Borgesek, Becketek, Gadamerrek, Cioranek edo Kunderak..., beren idazketarako hizkuntz hautua egin zutenean

Literatura Munduari hitza ematea da baina, zein hizkuntza dela medio? Zerk bermatuko digu, horrela, kalitatezko elkarbizitza Munduan? Izan ere, nik, behintzat, ez dut uste “bizikidetza ” bezalako ikasgaietan, politika edo hiriari dagokion etika eskolan irakatsi behar direnik…Bizitzaren arlo praktikok bezain naturalek kezkatzen naute ni…haur jaioberriak nola artatu edota agure-atso zaharrak nola lagundu… 

Baina gai haiek kezka moralak sortzen dituzte, haurdunaldia edo bizia eteteaz, abortuaz nahiz eutanasiaz hitz egin beharra dago…eta haietaz guztiaz ez ohi da gehiegi mintzatu eskolan, premia zehatzei erantzuteari muzin eginez alde eginez zeren ikasgelan zerbaitek huts egiten badu eskarmentu falta izaten da…

Eskolan esperientzia, ariketa praktikoetatik bezainbeste, eguneroko jardunetik kanpo gelditzen da.

Aldiz, denboraren ohiko jariotik at gaudenean esperientzia mota berri bat hasten da garatzen, esperientziak, berriz, pentsamendu edo sentsazio baten inguruan soilik finkatzea eragiten du. Irakurtzen edo idazten gaudenean bezala.

Irakurtzean edo artelan bat begiratzean gerta daiteke hori, jakina, baita Elizan, Sinagogan edo Meskitan ere…Edo gai jakin bat sakondu nahi dugunean...

Adibidez, badago Imre Kertész Literatur Nobel Sariduna  “Holokaustoa” gogoratzeko hari buruzko idazlanak besterik landu izan ez dituena. Memoriarekin batera hizkuntza ere ebatsi ziotelakoan “Mintzaira erbesteratua“ argitaratu zuenean, bere nazionalismoaren aurkako ohiko jarrera bortitza leundu zuen Jerusalemera joaterakoan, konturatu zelako nazio guztiak ez ziren, berez, gauza txar berdina, eta juduek eskubidea zutela beren nazioa aldarrikatzeko eta defendatzeko. Antinazi sutsuenari nazionalismoa ulertaraztea da Israel Estatuak utzi digun mirari haietariko azkena. Baina, honezkero, ez du gehiago idatziko, izan ere, hurrengo batean palestinarren nazio eskubideak ere onartu beharko lituzkeelako agian?

 

 



[1] APPELFELDEK, A. 1988, in Roth, Philip. Shop Talk. A Writer and his Colleagues and Their Work. Seix Barral argitaletxean gazteleraz. 1994,

 

Buscar