Jon GARMENDIA Idazlea

Umeen fabrika

Umeen fabrika deitzen zioten. Ez zen haurren lantokia, ez eta haiek mundura ekartzeko lekua ere. Frantziara urrunetik heldutako bikote baten etxeak zeraman izendapen hura; heien hiru haurrekin Dordoina departamenduko Saint Germain des Prés herrira iritsi, lantegi zahar bat arraberritu, eta bizi berri bati hastapena eman zion bikote gazteak bostehun biztanleko herri ttipian. Han, begirada eta hitz guztiak haienganatu zituzten, eta gainditu beharreko azterketa bailitzan zaintzapean pasa zituzten lehen urteak. Herrian ez zen eskolarik, eta herritarrek Dordoinako Périgeux hiriburura eramaten zituzten haurrak, autoz ia ordubeteko bidaia eginaz. Bikoteak, ordea, heien haurrak etxean heztea erabaki zuen, eta langintza horretara osoki emanak bizi izan ziren urte luzetan. Shakespearen idatziak, Aristotelesen irakaspenak, Darwinen teoriak, eta jolasak, denetarik partekatu zuten haurrekin. Denborarekin harremanak sakondu zituzten herritarrekin, eta itxitako ateak ireki egin ziren. Hasieran, haurrak bilakatu ziren haurren lagun, ondoren, gurasoak. Lotara gelditzen hasi ziren ume batzuk, eta eguna pasatzen gero, irakaspenak jasotzen. Denbora gutxian herriko haur gehienek etxe hartan iragaten zuten eguna, baita hurbileko Excideuil, Saint Jory las Bloux eta Saint Martial d'Albarède herrietakoek ere; zoriontsu sentitzen ziren han. Arrakasta ikusirik, bikoteak eskola bat sortzea erabaki zuen, baina frantses administrazioak aukera hori eragotzi eta debekatu egin zien, ez soilik atzerritarrak zirelako, Parisetik kudeatzen delako hezkuntza Frantzian, ez beste nehondik. Goiz batez, umeen fabrikako ateak itxirik topatu zituzten herritarrek, etxea hutsik zen, bikotearen berririk ez, eta nehork ez zekien deus. Amets bat izan al zen? Dena? Denena? Egun, lehen hezkuntzako eskola dago Saint Germain des Présen, hurbileko herrietako haurrak biltzen dira han, eta handia da ezer ez zegoen tokian zerbait sortu izana, handia guraso anitzek irabazi duten erosotasuna, baina handiagoa da umeen fabrikaren hutsunea.