Jon GARMENDIA
HILBERRIA | JUAN GELMAN

Poeta hilezkorra

Erbestea ez zen izan bere bizitzako minik handiena ordea,1976ko kolpe militarraren karietara, abuztuaren 26an, bere seme Marcelo eta haren emazte Maria Claudia Garcia Irureta Goyena bahitu eta desagerrarazi zituztela baino. Maria Claudia zazpi hilabeteko haurdun zen. Biloba 2000. urtean aurkitu zuen Gelmanek.

Hil da Juan Gelman idazle argentinarra, isildu da poeta, eta utzi dio hitzekin eraikitako sentimenduekin jolasteari, agian, orain, jainko eternoari egozten zion asperdura horretan aspertuko da bera ere, hilezkorra bilakatu baita. Buenos Aireseko Villa Crespo auzoan sortu zen 1930. urtean, Ukrainatik Argentinara bizitza berri baten xerka joandako Jose Gelman eta Paulina Burichsonen hirugarren semea zen Juan, oinarrizko ikasketak amaitu ondotik kimikako ikasketak hasi zituena, eta haiek erdibidean utzita literaturari osoki emana bizi izan zena. Ideologia komunista besarkatu zuen gaztaroan, eta bere eremutik anitz egin zuen ezkerreko ideiak plazaratzeko, militante komunista olerkigileak bildurik «El pan duro» taldea sortu zuen 1955. urtean, berak erran bezala «Hitza, borrokatzeko tresna bat» delako.

Baina ez zen soilik hitzetan gelditu, ekintzetara ere igaro zen, eta borroka armatuaren bideari ekin zion 1967. urtean Fuerzas Armadas Revolucionarias (FAR) gerrillari taldeko militante gisa. Artean, urtebete zeraman kazetari gisa lanean, eta bere burua Argentinako Iraultza leloarekin izendatu zuen diktadura militarrari aurkaritu zitzaion Peron eta Guevararen pentsamenduak barnebiltzen zituen talde gerrillariaren barnean. Berantago, 1973. urte amaieran, eta bere pentsamendu komunistak erabat baztertuak zituelarik, Montoneros talde gerrillariarekin jarraitu zuen borroka armatuaren bidea. Barne idatziak sortuaz, eta kanporako agiriak idatziaz, beti eutsi zion idazkien munduari. Argentinatik kanpo zebilelarik gertatu zen Isabelita Peron presidentearen aurkako kolpe militarra 1976ko martxoaren 24an, eta Argentinako hiru indar armatuetako komandanteek eskuratu zuten boterea, Jorge Rafael Videla, Emilio Eduardo Massera eta Orlando Ramon Agostik; Prozesua bezala ezagutzen den eta 1983. urte amaiera arte iraun zuen diktadura hark Argentinako aro odoltsuenari hasiera eman zion; estatu terrorismoa nagusitu zen, atxilotu, torturatu eta hil egin zituzten milaka pertsona, desagerraraziak 30.000tik gora izan ziren, eta milaka haur gurasoei ebatsiak.

Gelmanek exilioa pairatu zuen garai hartan, eta munduko hiri anitzetan bizi ondotik Mexikon egonkortu zen. Exilio garaian, bizi borroka horri buruz anitz idatzi zuen, urruntasunaz, eta bakardadeaz, baina urte luzez ezer argitaratu gabe egon zen. Raul Alfonsinek 1983ko abenduaren 10ean osatu zuen gobernuak ez zion Argentinara itzultzeko aukerarik eman Gelmani, Montonerosi egotzitako ekintzen zigorrek bere horretan segitzen baitzuten, eta 1988. urtean itzuli zen berriro sorlekura. Exilioa ez zen izan bere bizitzako minik handiena ordea, 1976ko kolpe militarraren karietara, abuztuaren 26an, bere seme Marcelo eta haren emazte Maria Claudia Garcia Irureta Goyena bahitu zituzten eta Automotores Orletti atxiloketa eta tortura toki klandestinora eramanak izan ziren, inteligentzia zerbitzuek El Jardin bezala ezagutzen zuten horrorearen toki hits hura, eta data horretatik aitzina desagertu egin zen bikotea.

Marceloren berri 1990ean ukan zuen Gelmanek, Buenos Aires handiko San Fernando ibaian aurkitu baitzituzten haren hilotzaren arrastoak, zementuz jositako euskarri baten barnean, garondoan metro erdira emandako tiroz hila izan zela argitu zuen autopsiak. Maria Claudia zazpi hilabeteko haurdun zen bahiketa unean, eta Vaticanoko apaiz batek jakinarazi zion Gelmani 1978an haurra norbaiti emana izan zela. Geroztik, biloba aurkitzeko saiakeran murgildu zen, baita nehoiz agertu ez den Maria Claudia errainaren bila ere. 1998an biloba Uruguaira eramana izan zela jakin zuen, eta hika-mika publikoa ukan zuen Julio Maria Sanguinetti garaiko presidentearekin, Gelmanek zehaztasunak eman baitzizkion biloba aurkitu zezan, baina honek ez zuen fitsik egin, eta katramila horrek biziki ezaguna egin zuen mundu mailan idazlea, babes anitz jaso zuelarik. Azkenik, Uruguaiko presidente berriak, Jorge Luis Batllek, 2000. urtean bilobaren berri eman zion, Andrea izenarekin polizia baten familian hazitako neska zen. ADN frogak egin eta neskak bere berezko abizenak hartu zituen.

Zabala da Juan Gelmanen obra, bai poesia arloan eta baita kazetaritza arloan eginikoa ere, gogoangarria Marcos komandanteordeari eginiko elkarrizketa, eta baita honek bilobaren xerka ari zelarik idatzi zion gutuna ere. Sariak ere dozenaka bildu zituen Gelmanek, agian, garrantzitsuena 2007an jaso zuen Cervantes saria. Uruguaiko «La Brecha» astekari ezkertiarrean idazten zuen azkenaldian, han, zutabe bat zeukan iritziak plazaratzen segitzeko, 2013ko azaroan idatzi zuen azkena, non kapitalismoak eragindako krisi ekonomikoari buruz jardun zuen, eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen (OIT) datuak baliatuz munduko langileak sufritzen ari zirenari argi pixka bat ezartzen zion.

Honakoa handik itzulitako zati bat da: «Munduko aberastasunaren %41 jada ez dago aberatsen ehuneko 1aren esku, % 0,7aren esku baizik. Milioika langilek prekarietatea bizi dute lanean. Zenbaki borobilen hoztasunaren azpian gordetzen dena ikuskizun kezkagarri bat da, eta osotasun hori zatika hartu ondoren, are gehiago. Eta hori ez da guztia. Orduan eta adin gehiago, orduan eta aukera gehiago ditu langileak lanpostua galtzeko. Horren alternatiba lanpostua kosta ahala kosta mantentzea da, soldata baxuak kobratzea onartuaz, eta kontratuen iraunkortasun eza pairatuaz, jubilaziorik gabeko etorkizuna aurreikusiaz, deklaratu gabeko lanak eginaz, eta aurrerantzean familia mantendu ahalko duen galderarekin biziaz. Segurtasunik gabeko sentsazio baten menean biziko da gizakia beti, zeinak munduko milioika jenderengan beldur gehiago eragiten duen Al Qaedaren terrorismoak baino. Agian, horrexegatik zaindu nahi ditu botereak biztanleak, kontrol pean eduki, zein den haien sumindura jakin, nonoiz eztanda egin dezakeen kezkarekin».

Gizon samurra, gozoa eta nekaezina, menderakaitza agertu da heriotzaraino, injustizia ororen aurkako borrokalari handi bat joan da.