Ane ARRUTI
BERTSO EGUNA

Mozorroak erantziz, berdintasunean bertsoari azala eta mamia emanaz

Azalean gelditu gabe, genero gaien inguruko galderak azalera ekarri zituzten atzo Kursaalen ospatutako 45. Bertso Egunean.

Bizenta Mogel (Azkoitia, 1782 - Abanto, 1854) idazlearen irudia zaindari zutela kantatu zuten Bertso Eguneko Kursaaleko saioan parte hartu zuten hamabi bertsolariek: Maialen, Amets, Nerea, Uxue, Rosi, Igor, Onintza, Maddi Ane, Beñat, Ainhoa, Saioa eta Iñaki. Izan ere, pasa berri den txapelketan izen eta bi abizenez aurkeztu bazituzten, honakoan nahikoa izan zuten izen soilarekin. Iraia Elias zuten gidari, galdetzaile, iradokitzaile eta zirikatzaile. Generoaren inguruan galderak sortu eta azalera ekartzea zuten xede -«baina `axalean' geratu gabe joan dadila gaurkoa», kantatu zuen Iñakik-, fokupean daudenek egiten dieten itzaletik atera eta ahots denei balio bera ematea; «kendu ditzagun hauts zaharrak ta kopeta beltzari ixkin/ arazoaren jabe izan ta pozetik aurrera ekin», laburbildu zuen Maialenek. Denek ez dute oraindik, ordea, zenbait gai azaleratzeko erraztasun bera, gutxiago bete-bete egindako Kursaal batean, eta txalotzekoa izan zen bakoitzak beretik egindako ahalegina.

Historiak isilduak

Bizenta Mogelek historian zehar izandako bertsolari esanguratsuei utzi zien une batez bere talaia. Pernando Amezketarra, Hondarribiko Joxepa, Xenpelar, Txirrita, Martzelina Lopetegi, Mikaela Elizegi, Basarri, Inaxi Etxabe... pasa ziren besteak beste. Gizonezkoek beti zuten argazki, bideo edo audioa; emakumeek oso gutxitan, bakarra entzun genuen bertsotan. Horri erremedioa jartzeko edo, pantailaren atzean azaldu zen Maddi Oihenarten itzala, bere ahots eztiz historia goxatuz. Koplaka lagundu zioten gero, «guk hartu dugu horko emazteei kendu zieten ahotsa», esan zuen Maddi Anek.

Ondotik, pino-puente-a ez, baina Allarte oihal eta dantza taldeko hiru kidek, sabaitik zintzilik musika biziaz lagunduta egindako akrobaziek tentsio betean jarri zuten Kursaala une batez.

Fokupean jarri zuten ondoren Igor, 1.700 denden jabea, harro emakumeei lana eta merke janzteko aukera ematen dielako. Baina kantari ari zela, publikotik mikrorik gabe baina entzuteko moduan abestuz moztu zioten hainbat emakumek. Ainhoa Alberdik hartu zuen hauen testigua, mozorrotuta lehenik eta bere-beretik gero, emakumeen espazioa aldarrikatuz eta sufrimenduak energia sortzaile bihurtzeko oihukatuz. Alabak idatzitako koplak kantatuz amaitu zuen.

Fokupean eta sofa berean eserita, sexuaz bertsotan jarri zituzten Saioa, Onintza eta Rosi, hiru belaunaldi, telebistaren arabera, etengabe sexua praktikatzen ari dena lehena, garbigailuaren xaboia kezka bakarra duena bigarrena, eta bizitzako arazo txiza galerak baino ez dituena hirugarrena. Dotore aritu ziren hirurak, sano, konplexuak baztertuta eta giroa berotuz. «Madrilen ez jat gerritik behera kasik inor be iritsi/ ta zelan esan, aspaldi hontan bizi, ba ez dot asko bizi», aitortu zuen Onintzak. «Beraz ez naiz hasiko saltoka armairu gora igota/ eztarritik ta beste hortatik nahiko sekoa nago ta», Rosik. «Ni zure antzera ere bai seko baina alferrik teoritan/ boluntario bat bilatzen nabil, teoria nahi dut praktikan», Saioak.

Hilerokoaz jardun ziren segidan. «Nirekin ibiltzen da hona eta hara/ inoiz fallatu ez didan lagun bakarra da», esan zuen Onintzak. Menopausiatik kantatu zuen Rosik, «reglak ikara eta galtzeak gehiago», lehenengo; «arriskurik ez baino oain gogua falta», bukatzeko.

Hari horri tiraka, zikloez hizketan jarraitu zuten, bertsolaritzarenez, txapelketak markatzen dituenez, Maialenenaren amaieraz eta Ametsenaren hasieraz. «Bi ziklo gara agian baina tandem berdinean goaz», zuzendu zuen Ametsek. «Ta gure lehia jolasa denez odolik ez zen ikusi», erantsi Maialenek, baina zikloaren logikari jarraituz, «esan nahi nizun hurrengo bueltan Amets berriro zai nago», abisua utziz.

Ahots guztiak ziren atzo maila berean eta bukatzeko publikoari eman zitzaion ahotsa, bertatik kantatu zuten hainbatek, bereizketarik ez eginagatik, batzuk besteak baino ezagunagoak, Andoni Egaña kasu; «arriskuik ez ta gogua falta, Rosi bezela nago ni», esan zuen txapelketaren zikloari segika.

Biluzteak, minak, sexua, zikloak... Oraindik ere askori arrotz zaizkien gaiak azaleratzean oholtza gainetik kopeta beltzak, auzo-lotsak, norbere lotsak eta erlojuari begirako keinuak ikusi zituela esan zuen Maialenek. «Emakume hitza sarri entzuteak bete egiten gaitula», bota zuen, «andreak beti konplejuz bete ta gizonak beldurtuta». Baina atzokoan azalean utzi zuten aldaketa egon badagoela; Uxuek kantatu bezala, «ea ipuin hau aldatu dela sartzen zaigun kalabazan».