Jon Garmendia
Idazlea

Zapelatzen hegaldia

Oskarbi ageri da zerua hegoaldean. Ortzimugan, laino bakan batzuek hari mehe bat marraztu dute, eta hatzak ahora eraman dituzunean, iparretik datorren haize hotzak ezpainak zartatu dizkizula ohartu duzu. Beharbada, harridura estaltzeko pausatu dituzu eriak ezpainetan, ikusitakoaren aitzinean inertziaz egindako mugimendu natural bat izan da bestela, baina sentitutakoa besteei ezkutatzeko saiakera egin nahi zenuen, eta okerrena da ez zaituela nehork behatzen, badakizula hori; aspaldi ikusezina bilakatu zinela paraje horietan. Itsas ertza utzi duzunetik denboraren erlojua da geldirik dagoena, eta zu, saltoka zoaz, hegan ia, zelaiak zeharkatu dituzu honela, hariztiak eta pagadiak, eta txikitako errekastoaren ondoan pausatu zara, han, sasiarrosa, intsusa eta hurritzen artean, zoriontsu sentitzen zara. Okilak irudikatu dituzu zuhaitzetan, mokoarekin zulo tipiak egiten, eta amilotxak adaxketan; zapelatzek hegaka dihardute, ez dute sumatu hor zaudela. Eta ur korronteari segika hasi zara oinez, ondoren korrika, txikitan, harrapaketan jolasten zenutenean egiten zenuen bezala, hala oroitu duzu haltzadien artean ezkutaturik bukatzen zenuela beti. Euria hasi da bat-batean, eta hatzak ezpainetara eraman dituzu; garai hartako oroitzapen guztiak eraman dituelako hezetasun hotz horrek, eta ez da dimentsio hura galdu duzun bakarra, gaurkoan, bi dimentsio birtual pasa baititu esna amesteko daukazun joerak, zure txikitako lurretatik urrunegi baitzaude. Baina desirek eta gogoek halaxe jokatzen dute zure kontrako partida, abisatu gabe oldartzen zaizkizu, eta haiek eskuratzen dute agintea. Hala ere, badakizu une guztiak bihurtzen direla oroitzapen, orduan hartzen dutela baliorik handiena, agian, horregatik dakizu bizitzen segituko duzula hori guztia jakinda.