Jon Garmendia
Idazlea

Irudikatzen


Ezin duzu mugitu, ordea. Joango zinateke besteengana, baina besteak zugana etorri ezean, haizeak baizik ez zaitu besarkatuko, eta bakardadearen sentsazioa baino ez dizu ekarriko berotu ordez freskatu egingo zaituen zirimola leunak. Irudika ezazu liburu bat zarela, ongi idatzia, irudimenez betea, fantasiaz, eta bihotz formako hizkiak dantzan ari direla zure orrialdeetan. Anitzen begiak pausatuko dira zugan, irakurriko zaituzte, zu ulertzen saiatuko dira, baina denbora jakin bat iraungo du horrek guztiak, haiek, apartean utziko dute liburua noizbait, eta zu, liburu geldituko zara beti.

Irudika ezazu urritasunez jositako haur bat zarela, urritasun sentsorialak dituena, psikikoak bestela, edo fisikoak, eta dena sentitzen duzula, dena dela zailegi, dena dela mundu bat alderantziz egina, zuretzat, eta zu bezalakoentzat. Eta irudika ezazu mundu hori aldatzea, maitasunez eta zentzuz betetzea, urrats eraginkorrez, hezkuntza eta hizkuntzatik hasita, zure esku ere badagoela.

Irudika ezazu kristalezko edukiontzi baten barnean zaudela, lotuta bezala, preso bezala. Zu ikusten zaituztela denek, eta zuk behatzen dituzula denak, kristalak hori baitu, gardena dela, erraz ikus daitekeela barnean zer dagoen, hauskorra dela era berean, eta agian, horrexegatik nehork ez zaituela eskuetan hartzen, fereka batekin konformatu behar duzula. Zure aitzinetik igarotzen dira denak, eta zutaz hitz egiten dute, baina nehoiz ez dizute zuri hitz egiten. Irudika ezazu zuhaitz bat zarela, lur ederrean landatua, adaxkak zerurantz begira dauzkazula, eta mendira, eta itsasora, nahinora; adaxka horiek zure besoak balira bezala, zabal-zabalik dituzula, norbait zugana hurbildu eta besarkada samur eta maitekor bat ematera helduko ote den zain zaudela beti.