Ane ARRUTI ERRENTERIA

Dantzaguneak Errenteriako Niessen izango du behin-behineko geltoki

Errenteriako Lekuona eraikineko egokitzapen lanak bi urteren buruan bukatuta egotea espero da. Donostiako Arteleku irailerako hustu nahi dutenez, Dantzaguneari tarteko geltoki bat egokitu diote Errenteriako Niessen-en, eta azken bi asteetan hor ari dira lanean hainbat konpainia. Orain arte Artelekun lanean jardun duten artista «guztiei irtenbide bat» emango dietela ziurtatu zuen atzo Ikerne Badiolak eta sorkuntza guneak Santa Teresa komentura igaroko direla.

Lekuona ogi lantegi zaharretik metro gutxira, errekaren beste aldean kokatu da Dantzagunearen behin-behineko egoitza, Errenteriako Niessen-en. Orain arte Donostiako Artelekun izan dute euren sorkuntza espazioa, baina bertako Udalak uholdeei aurre egiteko ingurua eraberritzeko aurreikusitako plana dela-eta, pixkanaka bertan lan egiten zuten artistak herrialdeko toki ezberdinetan birkokatzeko lanean ari da Gipuzkoako Aldundia.

«Gure asmoa Arteleku irailerako hustea da», iragarri zuen atzo Ikerne Badiola Kultura diputatuak. Artelekun biltzen diren gainerako arte diziplinekin zer gertatuko den galdetuta -zenbait sortzailek kezka adierazi dute inongo espaziorik gabe geldituko direlakoan-, batzuk Donostiako Santa Teresa komentura pasako direla gogoratu zuen Badiolak eta gainerakoak «herrialdean zehar» banatuko direla. «Sorkuntza lekuak Santa Teresan egongo dira», zehaztu zuen; «agian guztiek ez dute lekua izango bertan, baina guztiek izango dute irtenbide bat». Apirilaren 2an xehetasun gehiago emango dituztela esan zuen Badiolak, Batzar Nagusietako Kultura Batzordean aurkeztuko baitu Artelekuko plangintza osoa.

Dantzak ez du etenik

Bitartean, Dantzagunea proiektuak ez du etenik. Azken bi asteetan Niessenen egokitutako espazioan ari da lanean, esaterako, Dantzaz konpainia. Errenteriako Udalaren areto honek ez zuen erabilpenik, eta Dantzagunearen beharretara egokitzeko lanak ia 480.000 euro kostatu dira. Horietatik 350.000 Diputazioak jarri ditu, ia %75, eta gainerakoak, Udalak.

Dantzarako lau areto prestatu dituzte, eta, horrez gain, aldagelak eta bulegoak ere martxan dira jadanik. Julen Mendoza alkatearen hitzetan, «herri honetako errealitate artistikoarekin txertatzen den proiektu bat izango da», adierazi zuen. «Askotan esan izan dugu gure herri honek baduela dagoeneko ibilbide luzea arte eszenikoen munduan eta baditugu konpainia batzuk horren erakusle direnak».

Badiolak ere ildo beretik hitz egin zuen, «Lekuona fabrikaren berri jakin eta segituan ikusi genituen lekuak, herriak eta inguruak dantza eta arte eszenikoen garapenerako zituen abantailak. Ez zen egoitza bakarrik, herria eta kokapena ere kontuan izan genituen, Errenteriak betidanik dantzarekin, arte eszenikoekin, eta kulturarekin, oro har, izan dituen konpromisoak handiak izan baitira».

Horren adibide, alkateak Dejabu, Metrokoadroka eta Kukai taldeak aipatu zituen, eta azken hauek ere Dantzagunean instalatu dira; izan ere, dantza eta arte eszenikoetan dabiltzan elkarte eta konpainien arteko elkarlana eta loturak indartzea da Dantzaguneak bultzatzen jarraitu nahi duen helburuetako bat.

Diputazioak emandako datuen arabera, 60 kolektibok baino gehiagok erabili ohi dituzte Dantzaguneko instalazioak. Espazioaren %95 inguru, dantza eremuan egindako sorkuntza prozesuak, entrenamendu pertsonala, eskolen prestaketa eta jam sessionetara zuzentzen dira, eta gainerako %5 inguru sektoreko profesionalei zuzendutako prestakuntza-ekintza teoriko-praktikoak garatzera bideratuta daude.

Bertan aritzen diren konpainietako batzuk dira Dantzaz, Ertza, Anakrusa, Igor Calonge, Ion Munduate, Haatik, Sophie Dubs, Eneko Alcaraz... Bestalde, Gipuzkoatik kanpo lan egiten duten profesionalek ere, hona etortzean, bertan izaten dute entseatzeko tokia.

Lekuonako lanak 2016. urtearen hasieran bukatzea espero da. 6 milioi euroko aurrekontua du eta Diputazioaren (%60) eta Udalaren (%40) artean finantzatuko da. Zaharkituta zegoen eraikuntza sendotzeko obren lehen fasea amaitu dute eta, orain, Donostiako Vaumm arkitekto taldea ari da bertako erabiltzaileek izango dituzten beharrei erantzungo dion proiektua diseinatzen.

Industria desegituratze batetik ingurune sortzailea izatera igaroko da herria Errenteria 2025 plan estrategikoari esker eta horren barruan Dantzagunearen proiektua garrantzitsuenetako bat dela gaineratu zuen alkateak.