GARA

EAJ nazioen alde agertu da PSEk nazionalismoaren kontra jo duen bitartean

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak estatuak ez direla jada Europako historiaren subjektu bakarrak adierazi zuen atzo, estaturik gabeko nazioen garrantzia azpimarratuz. Ramon Jauregik, berriz, nazionalismoek «Europa deseraiki» nahi dutela nabarmendu zuen.

Nork erabakitzen du Europar Batasunaren etorkizuna? Estatuek? Nazioek? Galdera horri emandako erantzunek agerian uzten dituzte Euskal Herriko alderdien arteko ezberdintasunak. Izan ere, EAJk estatuak historiaren protagonista bakarrak ez direla aldarrikatzen duen bitartean, PSEko buru Ramon Jauregik nazionalismoek Europa «deseraiki» nahi dutela uste du.

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak Sabino Arana Fundazioak eta Europar Demokraten Institutuak elkarrekin antolatutako «Europako hauteskundeak eta herritartasuna» mintegian parte hartu zuen atzo. Bertan, globalizazioak eta estaturik gabeko nazioen aldarrikapenek estatuen boterea urtzen dutela adierazi zuen. «Estatuak ez dira jada Europako historiaren subjektu bakarrak. Izan ere, beren botere eta nagusitasuna ezinbestean indargabetzen da globalizazioaren exijentzien eta erregio eta nazio kulturalek beren autogobernuaren alde egiten dituzten aldarrien aurrean», esan zuen.

Halaber, buruzagi jelkideak alderdi populisten indartzea salatu zuen. «Herritarren ezinegona erabili nahi dute `estatu nazio' kontzeptu zaharraren zaharkitzea birpizteko», deitoratu zuen Ortuzarrek, «demagogiak» eta «herritarren haserreak» dituzten arriskuak aipatuz. Alderdi populisten garaipenak «tunel ilun batera» eraman gaitzakeela ere ohartarazi zuen Ortuzarrek.

Gogoratu beharra dago, astelehenean Izaskun Bilbao europarlamentariak europar arbitrajearen aldeko apustua egin zuela gaur egun Europar Batasuneko estatu kideen artean dauden lurraldetasun arazoak konpontzeko. Zentzu horretan, Eskozia, Katalunia, Flandria eta Euskal Herriko kasuak aipatu zituen Bilbaok.

Europaren «deseraikitzea»

Maiatzaren 25eko europar hauteskundeetan PSEko zerrendako bigarrena izango den Ramon Jauregi buruzagi sozialista Andoni Ortuzarrek eta Izaskun Bilbaok defendatutako ideien kontra agertu zen atzokoan. Jauregiren iritziz, «nazionalismoek ez dute Europa eraikitzen, deseraikitzen baizik».

Bilbon egindako prentsaurreko batean iragarri zuenez, bere alderdiak Europako Estatu Batuak sortu nahi ditu. «Nik hori nahi dut, horretarako gauza asko atzean utzi beharko badira ere», defendatu zuen. «Erronka asko ditugu aurrez aurre eta jauzi bat egin behar da Europako Estatu Batuak sortzeko. Horretarako subiranotasun guztiek utzi beharko dute zerbait atzean», azaldu zuen Jauregik. Europar Batasunaren eraikuntzak barne nazionalismoak ez dituela indartuko uste duela ere defendatu zuen.