Jon GARMENDIA Idazlea

Harria, etorkizun eder bateko aurrenekoa

L ur zahar honek hitza izan du mendeetan bere ezaugarri. Batak besteari emana, antzinakoen oroigarri, eta oraingoen bizigarri, belaunaldiz belaunaldi kateatu den argi izpi itxaropentsuena balitz bezala. Izandako bizitza baten memoria eta izango denaren segurantzia. Bizi manera bat auzo bakoitzean, bizi lege bat herri bakoitzean, elkarrekin adostua eta elkarrekin babestua. Eskua ere eman izan diogu elkarri, ez fedearen hitz hutsalen euskarri, baizik eta elkarrekiko konfiantzaren iturri; eskua, gure besoen muin eta oinarri, gogoak hala aginduta luzatu izan dioguna honi, hari, eta horri. Ez baikara historiako orri, nahiz eta jakin noizbait izan ginela herri, baina ez horregatik soilik, agian, horregatik ere behatzen diogu itxaropentsu geroari; badakigulako herritarrak garela edozeren neurri, bai behintzat askatasuna libreki biziko bagenu beti. Atzo, Durangotik Iruñera halatsu izan baitzen, bereizten gaituena aldera utzi eta elkartzen gaituenari elkartuago eutsiaz. Eta ibilbide horretatik kanpo gelditu zirenak ibilbide horretan batuta: Bildoze-Onizepean Uhaitzandi ibaiak bustitako lurretatik Bidaxuneko agramondarren gazteluari beha. Harrobik mugatzen dituen Haltsu eta Jatsu gogoan hartu eta Pasai Donibaneko Gabiria etxean oles eginaz Victor Hugori. Lanestosako Erdi Aroko hirigunea ahantzi, egungo hiribildu gisa oroitu, eta Zuian ganboatar eta oinaztarren gatazka haien aztarnak ehortzi. Eta kanta dezala Tafallak Erribera, Baztan, edo Baldorba. Kanta dezala Euskal Herria. Zazpi herrialde herri bakarrerantz oinez, zazpiak eskuz esku, bat eginik. Harat-honat bizi den herria baita gurea, bazatoz eta bazaude, baldin bazoaz eraman, baina berriro zurekin ekarri. Atzo, hitza eman zitzaion hitzari, eta sentimenduak izan ziren anitz jenderen lokarri. Hausturarik gabe, zatiketarik gabe. Izan dadila etorkizun eder horren lehen harri.