Jon GARMENDIA
Idazlea
Udate

Euskal Herria Zu zarenean

Egunotan kanpindenda bat izanen da Lekorne, eta uneotan, haren oihal artetik alaitasuna baino ez da ateratzen. Gainera, barne horretan, arroparik kendu gabe maitasuna marrazten ari dira Bidasoaren bi aldeetako euskal gazteak, egindako lanaren izerdia lehortu ondotik elkarri eskutik helduta. Bestalde, Euskal Herriko musika jaialdi zaharrenak, bere ehunka ate eta leiho, zabalik ditu oro nahinongo jendea jasotzeko. Eta Garroko gaztelua harro ageri da bitartean, teilatuan ikurrin bat daukala, nehoiz baino ederrago, nehoiz baino jauregiago. Iduri du haizeari eskaintzen diola hiru koloreko oihal zatia, berak ikusten ari den ilusio hori guztia Nafarroa Garaiko erriberaraino eraman dezala eskatuko balio bezala, Arabako lautadetara bestela, edo Bizkaiko lurmuturrak Kantauri itsasoari agur erraten dion lekuraino. Baina XIII. mendeko jauregi ederraren harrizko hormak bizitzaz bete dira berriro, garrotarrek Nafarroako Erresumaren gune estrategiko gisa eraiki zutenean bezala. Eraikin zaharra gogoeta gune bilakatu dute euskalherriazuzeneandarrek, armiarma sareak haritz egurrezko zutabeetatik kendu gabe oraino, zoruko hautsak eta lohiak erratzarekin pasa eta eserleku erosoekin txukundu ostean eztabaidak pausatuko dituzte gazteek bertan, populu autoktono eta zapalduei buruz aritzeko, emazteen eskubideen aldeko borrokari eusteko, autodeterminazioari bide egiteko edota ingurugiroaren eta inguruaren etorkizunari gaurdanik heltzeko.

Atzotik landa, askatasun eremu ñimiño bat taupaka baitabil munduarekin batera. Bueltaka. Lekornen, Lapurdin, Euskal Herrian. Eta zuzenean. Atzokoan eguzkiak ere ongi profitatu zuelako aukera, goizean goiz irten baitzen oles egitera. Eta haurrak izan ziren lehen bisitariak Lapurdiko ekialdean Nafarroa Beherearekin muga egiten duen herri ttipi honetan. Ikastoletako hazien fruituak ziren irri, jolas eta kantuz ttipien EHZ sortu eta osatu zutena. Dagoeneko, bizitako abentura heien gurasoei kontatzen ibiliko dira, eta agian, egunen batean heien bizitzakoa bilakatuko da jaialdia bera. Festa ordea arratsaldeko bostetan hasi zen ofizialki, eta show-ak argiz josten ditu bazterrak geroztik. Tenore horretan azken ukituak ematen zituzten muntaketa lanetan kartsuki jardun diren laguntzaileek, eta boluntarioak urduri antzean zeuden, defendatu behar duten lubakian soldaduak nola, baina gerra egin ordez probetxugarriagoa den beste edozertan aritzeko asmoarekin. Garagarno aparrak edalontzian gainezka egiten ziola, zurezko txosna ekologikoen artetik agertu zen aita bat, hiru bat urteko alabari pentzean lokatza zegoela abisu emanaz, oinak zikinduko zituela erraten zion ozen, bizitzan zehar gauza bera zenbat aldiz errepikatuko duen pentsatzera jarri gabe. Eta hiru neska haien ondoan, esku bakoitzean edalontzi bat eta ahoan kantuak zituztela, gazte, aske. Eta halako poz ukituak, halako adibideak, luzearen luzez, hamarka, ehunka, milaka. Ilunsentian, musika agertoki erraldoiaren hurbil, harat-honat zebilen jendea, tokiari egin eta tokia hartu nahirik bezala. Guztiak ez ziren gazteak ordea, ez, tartean-tartean ikusten zirelako buruzuriak ere, edo ilerik gabeko buruak ere bai; nahiz eta festa giroak denbora makinan sartu dituen Lekornera hurbildu diren eta haien burua zahartzat duten horiek denak, eta atzeranzko bidaia baten ostean nehoiz baino gazteago atera diren handik, gogo bihotzen izpiritua arras indarturik. Gerezieta, Garrobi, Basoita, Garroa edo Xerrenda, hala izendatu dituzte jaialdiko guneak. Eta han daude denak, eta baita falta direnak ere, ihesi joan gabe argazkitan hartuak, edota bihotzean preso. Hau da Euskal Herria Zuzenean, Euskal Herria zu zarenean, eta zure izenean egiten denean. Zatoz.