Patxiku Irisarri Elizagoien
EHNE Nafarroako ejekutibaren izenean

Nekazaritza-eredu familiarra da landa ingurunea salbatzeko bide bakarra

Apirilaren 27an, Iruñean, manifestazio bat egingo da Nafarroako ekoizle txikien hainbat elkartek, "Elikadura burujabetza orain! Desagerraraziko gaituen nekazaritza eredu industrialari ez!" lelopean deituta. EHNE sindikatuak 100 erakunde sindikal eta sozial baino gehiagok babesten duten manifestazioan parte hartuko duela iragarri du.

EHNEk nekazaritza-eredu familiar eta sozial baten alde egiten du; zuzenean eta pertsonalki beren ekoizpen-unitateetan soldatapeko langileen laguntzarekin edo gabe lan egiten duten gizon-emakumeek osatutako eredua, titularren errentagarritasuna eta egonkortasuna eta langileen baldintza duinak bermatu behar dituena. Enplegua sortzen duen eredu bat da, herriak eta haranak elkartzen dituena, lurraldea egituratzen duena, iraunkorra, elikagai osasungarriak eta kalitate onekoak ekoizten dituena, ingurumenarekiko errespetuz jokatzen duena, hura babesten duena eta gure natura-ingurunea zaintzen duena.

Hori da EHNEk gizarteari eskaintzen dion konpromisoa, zeina kontratu sozial baten bidez gauzatu behar bailitzateke, babesten dugun familia-eredu sektore hori bermatzeko. Eredu hori ezar dadin, EHNE-Nafarroan maila guztietan garatu eta sustatu behar ditugun funtsezko bi ideia daude:

Lehena, mugak jartzea; gainerako sektoreetan bezala, sektore honetan ere ulertu behar dugu baliabideak, ondasunak, beharrak eta sortzen den aberastasuna mugatuak direla; horregatik, modu justuagoan banatu behar dira. Badakigu araudi batek mugatu behar duela zenbat hektarea edo abelburu izan litezkeen, baita nekazari edo abeltzain bakoitzak bere ustiategian kudeatzen dituen dirulaguntzak edo laguntza administratiboak ere. Eta, batez ere, elikadura-kateko protagonista bakoitzaren balio erantsia mugatu behar dela, balio erantsi hori modu justuagoan banatzearen mesedetan eta eragile bakoitzak, hots, nekazariek, abeltzainek, eraldatzaileek, banatzaileek eta kontsumitzaileek prezio duina izatearen mesedetan.

Bigarren ideia, nekazaritza- eta abeltzaintza-eredua aukeratzea, norberaren aukera da nagusiki, merkatuek, legeek eta araudiek egindako presioaz harago; gutako bakoitzak aukeratzen dugu zer nekazaritza-eredu gauzatu nahi dugun, gure aukerak eta kontraesanak kontuan hartuta. Geure buruari eta gainerako nekazari eta abeltzainei sinetsarazi behar diegu babesten dugun eredu soziala dela eredurik onena arlo ekonomikoan, sozialean eta, ingurumenari dagokionez, epe luzera jasangarria den eredu bakarra.

Nafarroa nagusiki landa-eremutzat hartu izan da orain arte, baina biztanleria-kontzentrazioa gero eta handiagoa da hiriburuan eta haren eskualdean. Landa-eskualde bat den ala ez erabakitzeko definizio ofizialetan egin daitekeen sailkapenaz harago, gure herri askok bizi duten despopulatzea errealitate bat da. Nafarroako landa-ingurunearen alderdirik kezkagarriena jendeak landa-eremuetatik hiriguneetara alde egitea da (Iruñean eta eskualdean dago biztanleriaren %56, baita enpresen %56 ere).

Landa-ingurune horretan, gure sektoreak, zeinak eragile ekonomiko eta sozial nagusia izan behar bailuke, etengabeko krisi-egoera bizi du, gero eta globalizatuagoa den merkatuaren eta Munduko Merkataritza Erakundearen mende dagoen Nekazaritza Politika Bateratuaren ondorioz, politika horrek diru publikoaren banaketa bidegabea eta erabilera irrazionala betikotu baino ez baitu egiten.
Ondorioak berehalakoak eta argiak dira nekazaritza-aktiboen kopuruari begiratzen badiogu, zeinak behera egin baitu ustiategietan, 14.000 aktibotatik 2.300 baino guttiagora pasatu baikara.

Nekazari eta abeltzain garen aldetik, gure lana, funtsean, kalitate oneko elikagaiak ekoiztea da, kontsumitzailearentzako ahalik eta elikadura-segurtasunik handienarekin. Baina hori baino askoz gehiago da. Ezin dugu ahaztu lurraldearen %90 baino gehiago eta uraren eta haren gisako baliabideen %80 baino gehiago kudeatzen dugula, ingurumen-gaietan gizarteak duen gero eta eskaera handiagoari erantzuten diogula, ezinbesteko elementua garela lurraldea egituratzeko, azpiegiturak eta komunikazioak mantentzea ahalbidetzen dugula eta, zerbitzu-eskatzaile eta -kontsumitzaile garen aldetik, gure jarduera ekonomikoaz gain, errentak eta enpleguak sortzen ditugula eta herri eta haran bakoitzean landa-kultura zaintzen eta sortzen dugula.

Beraz, ulertzen dugu ezinbestekoa dela datozen urteetan apustu argi eta irmoa egitea sektorearen eta landa-ingurunearen uzte-prozesua leheneratzeko, aberastasun material eta immaterial handia galtzetik belaunaldi bakarrera baikaude.

Europatik, Batzordeak itun berdeari buruzko komunikazioa aurkeztu zigun, EBrentzako hazkunde-estrategia berri bat bezala, zeinak helburu baitu klimaren aldetik gizarte neutro, bidezko eta oparo bihurtzea, ekonomia moderno batekin, baliabideen erabileran eraginkorra eta lehiakorra dena.

EHNE-Nafarroak beharrezkotzat jotzen du estrategia hori hazkundeari lotuta zehazteari buruz gogoeta egitea. Hazkundetzat ulertzen badugu ondasunak ekoiztea eta kontsumitzea dela ekonomiaren eragilea, betiko akats bera errepikatuko dugu. Jasangarriak eta klimaren aldetik neutroak izan nahi badugu, hazkundea modu guztiz desberdinean ulertzen hasi behar dugu, ingurune-jasangarritasuna eta jasangarritasun soziala eta ekonomikoa kontuan hartuta eta pertsonen artean aberastasunaren banaketa justuagoa izanik hazkunde horren ardatza.

Buscar